Politika

PSE-EEk eta Ahal Dugu-k asmoa adierazi dute elkarren arteko harremanak indartzeko

Anduezak eta Garridok lan erreformaren aldaketa defendatu dute, eta EAJren eta EH Bilduren jarrera kritikatu.

Eneko Andueza, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 14a
17:56
Entzun

PSE-EEk eta Ahal Dugu-k bi alderdien arteko harremanak sendotzeko asmoa adierazi dute, «euskal herritarrentzat ona» izango delakoan. Sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak eta Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok, besteak beste, lan erreformaren aldeko mezua bidaltzeko baliatu dute bien arteko bilera, eta EAJri eta EH Bilduri jarrera bera hartzeko eskatu diete.

PSE-EEren idazkaritza nagusia hartu zuenetik Andueza egiten ari den elkarrizketa bileraren barruan kokatu dute sozialistek Garridorekin izandako bilera, eta adierazi baliagarria izan dela bi indarren arteko harremanak «indartzeko». Hala, Anduezak Eusko Jaurlaritzarekin akordioak egiteko gonbita egin dio Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiari; besteak beste, gutxieneko errentaren, Lanbideren eta mugikortasun lege berriaren inguruan. Garridok ere estatu osoan dituzten adostasunak erkidegora eta udaletara eramatearen beharra defendatu du, eta, horretarako, maizago biltzearen alde egin.

Halere, bi politikariek uko egin diote etorkizunean ezkerreko koalizio gobernu bat osatzeko aukerez hitz egiteari. Garridok adierazi du ez dutela gaia tratatu, eta bi alderdiek elkarlanean «eredu alternatibo bat» eraikitzeko dituzten aukeretan zentratu direla. Anduezak, berriz, azaldu du sozialistak zentratuta daudela «gobernuei egonkortasuna» emateko zereginetan: «Etorkizunean, hauteskundeak pasatzean, programak ikusi beharko dira».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gobernuan da bata, eta oposizioan bestea, baina Espainiako Gobernuan egoteak batzen ditu bi alderdiak. Hala, Moncloaren behar nagusietako batean jarri dute begirada biek ere: lan erreformaren aldaketan. Garridoren arabera, «ez da ulergarria» EAJk eta EH Bilduk hartu duten jarrera, baina nabarmendu du Yolanda Diaz Lan ministroa bi indarrekin negoziatzen ari dela: «Espero dut, azkenean, EAJk eta EH Bilduk babesa ematea lan erreformari». Anduezak, berriz, «PPren eta Voxen alboan» jarri izana leporatu die indar abertzaleei, eta argudiatu du «kontsentsu zabalak» eraiki dituela gaiak. Lan erreformaren aldaketa CEOE patronalaren, eta UGT eta CCOO sindikatuen onespenarekin egin da, baina aurka agertu dira, besteak beste, ELA eta LAB.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.