EH Bai Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko da

Kideekin biltzar nagusia egin ondotik, koalizioa urteko erronkei begira da, eta barne gogoetak egiteko beharra azpimarratu du.

EH Bai koalizioaren agerraldia, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 14a
17:16
Entzun

EH Bai urteko erronkei begira jarri da, iragan abenduan kideekin egindako biltzar nagusian. Egindako ibilbidearen gogoetatik abiatuta, aurtengo eginbeharrak eztabaidatu zituzten orduan, eta horien berri eman dute gaur, Baionan egindako agerraldian. Iragarri dute, besteak beste, ekainean iragatekoak diren Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko direla, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan.

«Hasi berri den urte honetan ere erronkak handiak izanen dira, bai Frantziako Estatuari begira, bai Ipar Euskal Herriari begira», segurtatu du Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak. Gogora ekarri du osasun krisiaren eraginez krisi soziala ere ate joka dagoela: «Krisiaren ondorioak pairatzen ditugu jadanik, eta ez dakigu noiz arte eta zertara eramanen gaituen». Hala, «justizia sozialaren» alde egiteko prest agertu da koalizioa.

Lopepek, bestalde, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak izan ditu hizpide. EH Baik ez die boza kontsignarik emanen bere kide eta hautetsiei; «ez da gure jarduera politikorako eskala». Haatik, ekainaren 12 eta 19an iragatekoak diren Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko da taldea, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan. «Dugun egoeraren aurrean, ahalik eta hurbilen erabakitzea funtsezkoa da».

Barne gogoeten aldia

EH Baik hamabost urte beteko ditu aurten. Izandako ibilbideaz hausnarketa prozesua egin dute kideek, eta Lopepek azaldu du barne gogoeta prozesu bat abiatu dutela. «Gauzak biziki fite aldatzen dira; mugimendu abertzale zaharra aldaketa horien guztien diapasoian ezarri behar da». Barne prozesuaz gain, «egunerokoari» erantzuteko ahaleginetan ere arituko direla segurtatu du, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.