Itxuraz, urte eta erdi falta da oraindik foru hauteskundeetarako, baina UPNk eginak ditu etxeko lanak dagoeneko. Gaur arratsaldean Kontseilu Politikoa bildu da, eta barne hauteskundeetara aurkeztu diren bi hautagaietako bat aukeratzeko: Javier Esparza UPNko egungo presidenteak aise irabazi du bozka. Juan Manuel Rubio Izarbeibarko udal taldeko burua apenas izan duen aukerarik. Botoen %91 jaso ditu Esparzak.
Alderdiaren barne antolamenduan, kongresu arteko aldietan organo gorena da Kontseilu Politikoa. Erakunde publikoetako 232 ordezkarik osatzen dute. Gaur, zerrendaburua hautatzeaz gain, alderdiko zerrenda batzordeko kide bat izendatu dute: Cristina Ibarrola parlamentaria izango da —%89k eman dio botoa—. Batzorde hori Esparzak berak, Enrique Maia lehendakariordeak eta zuzendaritzak hautatutako Maria Jesus Valdemoro parlamentariak osatzen dute ere bai.
Alderdiak emaitzak iragarri ondotik, hitzaldia eman du irabazle Javier Esparzak. Adierazi du «oso eskertua» dagoela alderdikideen babesa ikusita. Adierazi du «oso prest» dela alderdiaren buru izateko. «Ilusio handia dut Nafarroaren alde lan egiteko», adierazi du. Halaber, hauteskundeei erreferentzia eginez, azaldu du hamasei hilabete falta direla «Nafarroaren berpizkunderako». Dioenez, herrialdeak orduan berreskuratuko du «azken urteotan galdutako lidergoa eta indarra».
Esparzak ez du argitu zer asmo duen Navarra Sumarekin. Iragan ekainean koalizioa uzteko aukera irekirik utzi zuen, baina geroztik ez du argibide gehiago eman barne gogoetaz. Tonu leunagoan, bere hitzaldian, Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenari keinu egin dio, eta lau hamarkadatako UPNren ondare politikoa defenditu zuen. «Nafarroa ezin da ulertu UPNrik gabe», aldarrikatu du.
Bere ustez, bi legealdiotan Barkosen zein Txibiteren gobernuek ondare horri uko egin diote eta orain Nafarroa «gainbeheran» dago, «beti Bilduren menpe diren gobernuek bultzatutako eraginkortasunik gabeko politika kaskarren ondorioz». Bere ustez, gobernuek ez dute jakin foru erregimenaren potentzialtasuna baliatzen. «UPNren legealdietako politikei esker bizi ahal izan dira, baina hori agortu egiten da, eta Nafarroak ezin du gehiago».
Aurrera egiteko, beharrezkotzat jo du Bilduren menpe egongo ez den gobernu bat: «Agintzeari eta politikak baldintzatzeari utziko dio soilik UPN gobernuan badago». Ilusioz hartu du erronka.