Foro Sozial Iraunkorrak uste du Euskal Herriko «subkontziente kolektiboan» ideia bat dagoela iltzatuta: biktimak ETAk eragindakoak direla, eta ez GALek edo Poliziak hildakoak zein tortura pairatu dutenak. Foroaren arabera, «diskriminazio adierazpen» bat da hori, eragile instituzional, politiko eta komunikazio taldeen jarrerak «zirimiriaren gisan busti» dituena. Are: «adierazpen praktiko oso bortitzak» utzi ditu, foroaren ustez. Horren adibide jarri ditu, erraterako, Jose Antonio Cardosa postaria hil zuen bonbari buruzko grabazioak argitaratu zirenean gertatu zen «erreakzio eta babes falta ikaragarria»; Rafael Veraren, Ramon Jauregiren eta Jose Manuel Villarejoren adierazpenen ondoren gertatu zena; edota Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak 1994an giza eskubideak urratzeagatik zigorturiko polizia bati domina bat eman izana.
Foro Sozialak uste du ez litzatekeela halakorik gertatuko isiltasunak eta adierazpenak bertze jatorri batekoak balira: «Sinetsita gaude horrelako ekintzak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimen kasuan, haiek kolpatu zituen indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du».
Hala, Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak Espainiako Estatuak eragindako biktimen «diskriminazioa» gainditzeko «pauso erabakigarriak» eskatu ditu gaur, Donostian, Nekane Altzelairekin batera eginiko agerraldian. «Hitzez zein ekintzaz» izan, «eskubideak urratzen dituzten eragileen araberako bereizkeria edo kategorizaziorik» ez egitea galdegin du.
Urteko asmoen berri emateko eman du prentsaurrekoa Foro Sozialak, eta, jakinarazi duenez, «biktima guztiak» izanen ditu lehentasun aurten. Orain arte foroak nabarmendu izan dituen hiru «korapilo» nagusien artean dago biktimena, Altzelaik gogoratu duenez, eta, foroak uste du, presoen eta memoria kritiko inklusiboaren arloetan bezala, «urrats erabakigarriak» emanen direla datozen hilabeteotan biktimenean ere. Hernanek oroitu duenez, iaz presoen ongietorrien gaia «behin betiko ixteko beharrezko baldintzak» sortu zituzten: «Orain, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio egoerak gainditzeko pauso erabakigarriak eman behar dira: estatuaren biktimek jasaten dituztenak».
EAEko legea
Hernanek nabarmendu duenez, azken urteotan «urrats positiboak» eman diraEspainiako Estatuaren biktimei dagozkien eskubideak bermatzeari dagokionez: bertzeak bertze aipatu du adostasun politikoa dagoela «biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean»; erreparaziorako tresnak martxan jarri direla —EAEko eta Nafarroako legeak, erraterako—; eta salbuespenezko espetxe politikaren eta torturaren ondoriozko biktimizazioa aitortzearen aldeko adostasunak lortu direla erakundeetan.
Ordea, foroak arrisku bat ikusten du: urrats horiek arlo «teorikoan» gelditzea. Hala, Hernanek ohartarazi du «premiazkoa eta beharrezkoa» dela kontzientzietan «reset kolektibo» bat egitea, «biktima guztiak berdin babesteko, ekidistantziarik eta diskriminaziorik gabe». Erakundeei, alderdi politikoei eta komunikabideei horretan «eredugarriak» izateko eskatu die.
Eskaera zehatz bat ere egin du foroak. Hain zuzen, ikusita Polizia abusuak eta estatu indarkeria aitortzeko EAEko 12/2016 legeak biktimengan «zapore gazi-gozoa» utzi duela, foroak «beharrezkotzat» jo du espedienteak aurkezteko epea berriz irekitzea —joan den abenduaren 11n bukatu zen, eta espero baino eskaera gutiago jaso zituzten—. Epea zabaltzea ez ezik, foroak beharrezkotzat jo du «benetako informazio kanpaina bat» egitea eta balorazio batzordeari baliabide gehiago ematea.
Era berean, eskatu dute «egia» ezagutzeko artxiboetarako sarbidea «liberatzea», Espainiako Sekretu Ofizialen Legea aldatuta. Foro Sozialak gogoratu duenez, identifikatuak dituzten estatuaren 364 biktimetatik %38 «argitu gabeko kasuak» dira: «Baina gaia agenda publikotik kanpo dago erabat». Nafarroan torturaren arloan aurten urratsak egitea ere espero du foroak.
Hernanek oroitu du biktimen arloan aitzina egitea «saihetsezinezko printzipioa» dela «Euskal Herrian giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarrituta egongo den bizikidetza demokratikoaren behin betiko oinarriak finkatzeko».