Zientzia

Epstein-Barr birusa esklerosi anizkoitzarekin lotu du ikerketa batek

Egun sendabiderik gabeko eritasuna da, eta ikertzaileek esan dute aurkikuntzak aurreraurratsak egiten lagun dezakeela

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 14a
11:01
Entzun

Epstein-Barr birusak esklerosi anizkoitzean izan dezakeen eraginari buruzko ikerketetan aspalditxotik ari ziren ikertzaileak, eta, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten arabera, orain frogatu dute erlazio hori badagoela. Jakina da mononukleosia eragiten duela birus horrek, baina orain frogatu dute esklerosi anizkoitzarekin lotura duela, eta horren kausa izan daitekeela. Egun sendabiderik gabeko eritasun neurologikoa da esklerosi anizkoitza, eta ikertzaileek uste dute aurkikuntza horrek gaitza hobeto ezagutzen eta aurrera egiten lagun dezakeela; prebentzioan egin ahal izango da aurrera, txertoen bidez, eta sendabide bat lortzeko bideak ireki ahal izango dira.
Ikerketa Harvardeko Unibertsitateko ikerketa talde batek egin du. AEBetako armadako hamar milioi kide baino gehiagoren osasun datuak aztertu dituzte, hogei urtean, bi urtean behin laginak hartuta. Alberto Ascherio da ikerketan parte hartu duten ikertzaileetako bat. Gogoratu du aurrez eginak zirela birusaren eta gaitzaren arteko harremana egiaztatzeko ikerketak, baina esan du hauxe izan dela lehena froga «konbentzigarriak» eman dituena Epstein-Barr birusa eritasunaren kausa gisara identifikatzeko. Ikerketako datuei begira, birus horrek eragindako «infekzioa saihestuta» gaitza ere prebenitu ahal izango dela esateko datuak dituzte orain ikertzaileek, eta ikerketa lerro horretan aurrera egiteko. «Sendabide bat» lortzeko atea ere zabal daiteke.
Herpes birus bat
Herpes birus bat da Epstein-Barr birusa, eta, behin pertsona bat kutsatuta, organismoan geratzen da betiko, latente. Ikerketa egin duten zientzialariek onartu dute zaila izan dela esklerosi anizkoitzaren eta birusaren arteko erlazioa «egiaztatzea». Birus ohikoa da Epstein-Barr birusa, pertsona helduen %95i edo eragiten die, eta esklerosi anizkoitza askoz ere ezohikoagoa da; 10.000 biztanleko hiru laguni eragiten die. Gainera, birusarekin kutsatu eta berehala ez da agertzen esklerosi anizkoitza; sintomak hamar bat urteren ostean agertzen direla ondorioztatu dute adituek. Nolanahi ere, oraingo honetan, ikerketako datuetara begira, lotura argi agertu dela nabarmendu dute egileek. «Behin birusarekin kutsatu eta gero, esklerosi anizkoitza izateko arriskua 32 aldiz handitu zen aztertu genituen laginetan; gainerako birusekin ez zen horrelakorik ikusi».
Arretaz aztertu ditu emaitzak Carlos Matute neurobiologoak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, eta Achucarro ikerketa zentroko ikertzailea. «Hamarraldiak dira birus horren eta gaixotasunaren arteko lotura aztertzen hasi zirela», berretsi du. Birusa hain ohikoa izanda, lotura frogatze aldera, ikerketa handi bat behar zen, eta ikerketa honen ezaugarririk nabarmengarriena horixe dela uste du: oso handia izan da. Aurrekorik gabea. «Ez zen inoiz egin horrelako ikerketa handi bat. Atera kontuak, izan da hogei urtean baino gehiagoan egindako jarraipen bat: bi urtean behin laginak aztertuta, eta hamar milioi pertsona izan dira. Horrelako tamainako ikerketak ez dira batere ohikoak; gure jakintza arloan ez, behintzat». Ondorioa argia dela dio: birusarekin handitu egiten da gaitza izateko arriskua.
Hainbat aldagai tartean
Birusak bakarrik ez du gaitza esplikatzen, ordea. «Esklerosi anizkoitzean beste aldagai batzuk ere badaude: familia batzuetan, adibidez, ohikoagoa izaten da, eta horregatik pentsatzen da lotura genetiko bat egon daitekeela», onartu du Matutek. Ingurugiroarekin lotutako aldagaiek ere badute eragina. Eremu geografikoetara begira ikusten dute hori: «Poloetatik hurbil, adibidez, ohikoagoak izaten dira kasuak; Europa iparraldeko herrialdeetan ikusi izan ohi dugu hori, edo Kanadan». Gaitzaren kausaren bila, beraz, harago ere egin behar da: «Birusa kondizio beharrezkoa da, baina beste aldagai batzuk ere sartu behar dira tartean». Gaitza noiz eta zergatik esnatzen den ere, adibidez, ez dago argi. Hainbat «hipotesi» daudela azaldu du Matutek , baina zer ikertua franko dagoela oraindik ere arloan.
Ikerketaren ondorioei atxikita aurrerabideak zabal daitezkeela uste du, hala ere, Matutek. Bat dator horretan ikerlana egin duten zientzialariekin. «Tratamendu prebentibotarako atea ireki daiteke, txertoak erabiltzeko. Birusaren kontrako botikak garatzeko ere bai». Txertoa garatzeko ikerketak lehendik ere abian direla esan du, eta, horiek garatzea lortuko balitz, erabili ahal izango liratekeela aparteko arrisku faktoreak dituztenak babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.