Hizkuntza eskubideak

Behatokiak helegitea jarri dio Osakidetzak logopedentzat egin duen lan deialdiari

«Euskaraz jakin gabe ere» lanpostua lor daitekeela salatu du Behatokiak, eta derrigortasun datak ezartzeko eskatu dio Osakidetzari.

Pertsona bat osasun etxe batera sartzen, Donostian, iazko irailean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 13a
15:51
Entzun

Osakidetzak abenduaren 14an zabaldu zien lan deialdi publikoa logopediako diplomadunei. Bada, deialdi horri helegitea jarri diola jakinarazi du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, argudiatuta euskara ez dela eskakizun gisa hartzen. Izan ere, Behatokiaren esanetan, deialdi horretan euskararen ezagutza «ez da derrigorrezko betekizuna», eta, horrenbestez, «euskara jakin gabe ere» lor daiteke postua.

Behatokiak azaldu du egun zortzi bat logopeda lanpostu dituela Osakidetzak. Horietatik hirutan soilik eskatzen dute derrigortasun data —bigarren hizkuntz eskakizuna—, eta gainerakoetan «ez da nahitaezkoa» euskarazko egiaztagiririk izatea, zehaztu duenez. Horregatik, «derrigortasun datetan aurrerapauso sendoagoak» emateko eskatu dio Osakidetzari: «Logopeda guztiei galdegin beharko zitzaien euskararen ezagutza, ez soilik plantillan derrigortasuna duten lanpostuetakoei». Halakorik ez dagoenetan, euskararen gaitasunak puntuazioan soilik dauka eragina: bigarren hizkuntz eskakizuna izateagatik, hemezortzi puntu jasotzen dira, eta lehenengo hizkuntz eskakizunagatik, bederatzi. Puntuazioak, ordea, «ez ditu bermatzen pazienteen hizkuntza eskubideak», Behatokiaren ustez, eta «neurri desegokia» da «behar bezalako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko».

Euskara menperatzeak logopedia zerbitzuan duen eragina ere nabarmendu du Behatokiak: «Ahotsa, mintzaira eta hizkuntzari lotutako patologiak ebaluatu, diagnostikatu eta tratatzeaz arduratzen den osasun profesionala da logopeda, eta, bere praktika klinikoan, hizkuntza, komunikazio tresna izatetik harago, azterketaren, diagnostikoaren eta interbentzio klinikoaren muina da. Beraz, bertoko hizkuntza egoki menperatzea nahitaezkoa izan beharko litzateke».

Halaber, paziente elebidunak gaztelaniaz soilik aztertzeak «diagnostiko okerra eta infradiagnostikoa» eragin ditzakeela ohartarazi du Behatokiak, eta «errehabilitazio funtzional handiena lortzeko aukerak mugatu». ALde horretatik, «tratamendu logopedikoaren onurak bermatzea» herritarren eskubidea dela gogoratu du, eta «neurri egokiak» eskatu dizkio Osakidetzari, «profesionalak euskarazko praktika klinikoa gauzatzeko gai izan daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.