Hego Euskal Herrian 1.209 gaixo daude ospitalean COVID-19agatik

Ospitaleratzeak etengabe ugaritzen ari dira: %27 astebetean. Atzo egindako testetan beste 12.146 positibo atzeman zituzten.

Herritar batzuk probak egiten, Gurutzetako ospitalean, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 13a
13:43
Entzun

Birusak gogor jotzen du oraindik ere. Positibo kopurua apaltzen ari da pixkanaka, baina ezin liteke esan haren hedadura murrizten ari delako denik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak asmo mugatu baitituzte probak egiteko irizpideak. Halere, atzo egindako testetan 12.146 herritarrek eman zuten positibo. Orotara, 29.640 test egin zituzten atzo, eta horietako %41ek eman zuten positibo. Pandemia kontrolatu ezinaren seinale. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko langa dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko.

Birusa Euskal Herri osoan dago zabalduta, baina, azkenaldian, bereziki Gipuzkoan. Atzo, esaterako, beste 3.238 positibo atzeman zituzten bertan. Baina antzera dabiltza Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeak ere: beste 4.590 lagunek eman dute positibo Bizkaian; 2.674k Nafarroan; eta 1.556k Araban. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren 88 herritarrek positibo eman dutela.

Eta, sintomek okerrera egin ahala, positibo emandako batzuek ospitaleratzea behar dute. Gero eta gehiago dira. Atzo beste 127 gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta, gaur egun, 1.209 herritar daude ospitaleratuta COVID-19ak erasanda. Pare bat konparazio egitearren: duela astebete baino %27 gaixo gehiago ari dira Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetako arta jasotzen, eta duela bi aste baino %66 gehiago dira.

Horietako batzuk, gainera, larri daude ZIUetan. Hain zuzen, 172 gaixo daude egoera horretan. Goranzko joera ikusten da ZIUetako kopuruetan ere, baina ospitaleratzeetan baino motelagoa: duela astebete baino %20 gaixo gehiago daude, eta duela bi aste baino %23 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.