Zinema

'The Prize' filmak irekiko du 'Zinema eta zientzia' zikloaren bosgarren aldia

Bihar hasi eta martxora bitarte, hamar film proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan, Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan, Gasteizko Artium museoan eta Iruñeko Golem-Baiona zinema aretoan. Saio horiekin batera, aurkezpen eta solasaldi ugari ere egingo dituzte.

Joxean Fernandez Filmategiko burua gaur goizean Tabakaleran egindako aurkezpenean. TABAKALERA
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 12a
14:26
Entzun

Bosgarren urtez jarraian, Zinema eta zientzia zikloa antolatu dute Euskadiko Filmategiak, DIPC Donostia International Physics Center erakundeak eta Donostiako Zinemaldiak. Kultura zinematografikoa eta zientifikoa uztartzen dituen zikloak hamar film erakutsiko ditu aurten, eta, ohi bezala, izen handiko zientzialariek aurkeztuko dute emanaldi horietako bakoitza. Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) ez ezik, Gasteizen eta Iruñean ere proiektatuko dira filmak aurten, lehenengoz. Bihar izango da lehena: The Prize (Mark Robson, 1963) emango dute Gasteizko Artium museoan, eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak egingo ditu aurkezpen lanak. Donostian, Bilbon eta Iruñean ere ikusgai egongo da datozen egunetan.

Nobel sarien inguruko espioitza film bat da proiektatuko duten lehena, baina zientziaren askotariko arloak izango dituzte aztergai martxora bitarte emango dituzten gainerako lanek ere. Moby Dick (John Huston, 1956) eta Gorillas in the Mist (Michael Apted, 1988) klasikoek, esate baterako, animalien mundua hurbilagotik ezagutzea proposatzen dute. Baina badaude bestelako gaiak ere: historiaurrea La Guerre du feu filmari esker (J. J. Annaud, 1981), eta minbizia Hope pelikulari esker (Maria Sodahl, 2019). Gainera, Ikarie XB 1 (Jindrich Polak, 1963) eta Contact (Robert Zemeckis, 1997) lanek espazio-ikerketa jorratzen dute; Inception (Christopher Nolan, 2010) eta Demon Seed (Donald Cammell, 1977) filmek neurozientziara eta adimen artifizialera hurbilduko dute ikuslea; eta, azkenik, The man in the white suit (Alexander Mackendrick, 1951) klasikoa ere proiektatuko da: fisika eta materialen kimika arloak lantzen ditu.

Joxean Fernandez Filmategiko buruak esan duenez, zientzia «funtsezkoa» da gizarteak aurrera egin dezan: «Zientziari esker, gure bizitzak hobeak eta luzeagoak dira, nahiz eta berehalako ziurtasun absoluturik ez eman beti». Bide horretan, beste behin ere, aurtengo egitarauak modu eklektikoan konbinatuko ditu egungo filmak eta klasikoak.

Etxenikerekin batera, beste hainbat zientzialari eta zientzia dibulgatzaile ere izango dira solasaldietan. Besteak beste, Arantza Atxa biologoa, Javier Aizpurua fisikaria, Jon Mattin Matxain kimikaria, Olatz Arbelaitz informatikari eta adimen artifizialean aditua eta Valentina Rodriguez kazetari zientifikoa.

Proiekzio bereziak

Berritasun gisa, bestelako proiekzio batzuk ere egongo dira ikusgai Zinema eta zientzia zikloaren barruan. Gasteizen, Donostian eta Bilbon, kasurako, 2021eko Kimuak katalogoko film laburrak proiektatuko dituzte, eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean Picture a scientist (Ian Cheney eta Sharon Shattuck, 2020) filma eskainiko dute, Emakumeak Zientzian proiektuaren barruan.

Era berean, azkenaldian bezala, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak ere egingo dituzte: Apolo 11 (Todd Douglas Miller, 2019) filma ikusteko aukera izango dute ikasleek, Tabakaleran, Artiumen eta Arte Ederren Museoan.

Jatorrizko hizkuntzan emango dituzte filmak, azpidatziekin. Euskarazko azpidatziak izango dituzte, hain zuzen, Moby Dick, Demon Seed eta The Man In The White Suit pelikulen emanaldiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.