Katalunia

Villarejok baieztatu du Espainiako zerbitzu sekretuek zerikusia izan zutela A-17ko atentatuekin

Polizia komisario ohiak dio Felix Sanz Roldan CNIko buru ohiak gaizki kalkulatu zituela «Katalunian ezusteko txiki bat» ematearen ondorioak. Ikerketa batzorde bat osatzeko eskatu dute alderdi subiranistek.

Villarejo, iazko urrian, Espainiako Parlamentura iristen. CHEMA MOYA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 12a
09:32
Entzun

Espainiako zerbitzu sekretuek (CNI) zerikusia izan zuten 2017ko abuztuaren 17an Bartzelonan eta Cambrilsen (Katalunia) izandako atentatuetan. Hala esan zuen atzo Jose Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiak Espainiako Audientzia Nazionalean. Tandem kasua dela-eta ari da han deklaratzen egunotan.

«Ni azken egunera arte jardun nintzen CNIrekin lanean. Haiekin elkarlanean jardun nintzen Ripolleko imanak sortutako nahaspila ospetsua konpontzeko. Sanz Roldanen huts larri bat izan zen hura: gaizki kalkulatu zituen Katalunian ezusteko txiki bat ematearen ondorioak», adierazi zuen atzo. Felix Sanz Roldan Espainiako zerbitzu sekretuen buru ohia da, eta Villarejok ez du sekula ezkutatu arerioak direla biak. Ripolleko imana, berriz, Abdelbaki Es Satty da, atentatu haiek egin zituen taldearen burua, EI Estatu Islamikoko kidea.

Ez da Villarejok gai hori hizpide izan duen lehen aldia. Iaz, beste epaiketa batean, kontatu zuen iturri «oso garrantzitsu» batek —Marokoko espioi batek— jakinarazi ziola CNIri Bartzelonan atentatu hori gerta zitekeela, «azkenean, zoritxarrez, gertatu zen moduan». Villarejoren arabera, zerbitzu sekretuek ez zuten aintzat hartu informazio hori. Atzo, gehitu zuen Sanz Roldanek nahita hartu zuela erabaki hori, gerta zitekeenaren jakitun.

Villarejo ez da, gainera, CNI atentatu haiekin lotu duen lehenengoa. Informazio hori, lehen aldiz, Publico egunkariak argitaratu zuen 2019. urtean. Gai hori, ordea, ez zen aztertu atentatuak antolatu zituzten pertsonen aurkako epaiketan. 2021. urte hasieran amaitu zen epaiketa, eta bizirik geratzen ziren hiru kideak epaitu zituzten. Salatzaile batzuek eskatu zuten arren, Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu Villarejo testigu gisa.

Haserrea

Zeresana eman dute komisario ohiaren adierazpenek. Pere Aragones Kataluniako presidenteak, adibidez, «egia argitzeko» eskatu zion atzo Espainiako Gobernuari. Gainera, iragarri zuen Kataluniako Gobernuko abokatuei eskatu diela aztertzeko zer egin dezaketen 2017ko egun haietan gertatu zena argitzeko: «Ondo dakigu nola funtzionatzen duten estatuaren estoldek; horregatik eskatuko dugu ikertzeko».

Antzera mintzatu zen Gabriel Rufian ERCko bozeramailea. Agerraldi bat berehala egiteko eskatu zien Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari eta Sanz Roldani. ERCren eskaerara batu ziren EH Bildu, Junts, CUP, PDECat, BNG eta MES Mallorca, eta ikerketa batzorde bat osatzeko eskaera izapidetu zuten. «Gobernuaren isiltasuna» ere gaitzetsi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.