Eusko Legebiltzarrak ez du ohiko osoko bilkurarik edo ohiko batzorde bilerarik egiten urtarrilean, baina, aurten, COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginak kontuan izanik, jarduera parlamentarioei lehenbailehen ekiteko proposamena aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Hura, ordea, atzera bota du legebiltzarreko mahaiak, EAJko eta PSE-EEko kideen gehiengoarekin. EH Bilduren ustez, «oposizioaren proposamenak onartzeko gai ez den gobernu ahul baten seinale» da jeltzaleen eta sozialisten jarrera.
Oposizioko bi alderdi nagusien hitzetan, egungo egoera «larria» da, eta, hari aurre egiteko, funtsezkoa da hainbat proposamen «premiaz» eztabaidatzea; besteak beste, Osakidetzako lehen arreta indartzeko, ikasgeletarako itzulera planifikatzeko, familien kontziliazioa errazteko eta pandemiaren seigarren olatuak kalte egindako enpresei laguntzeko neurriak. Hala, hilaren 20an eta 27an ezohiko bilkura bana egiteko proposamena aurkeztu dute. Lehenengoan, «familia eta lana bateragarri egiteko familientzako laguntzen arloko ezohiko laguntzak» eta «aurrez aurreko irakaskuntza bermatzeko urgentziazko neurriak» hartzeko. Bigarrena, berriz, seigarren olatuari aurre egiteko neurriez eta haren ondorioak jasan dituzten enpresez eta autonomoentzako laguntzez eztabaidatzeko.
Izan ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk azaldu dute litekeena dela ikasle, irakasle eta langile asko kutsatzea, eta, beraz, neurriak hartu behar direla «irakaskuntza presentziala ikasle guztiei ziurtatzeko», hala nola «transmisio kateak eten ahal izateko» eta «bakartze eta zaintza baldintza egokitzeko». Enpresa eta autonomoei dagokienez, berriz, eskatu dute ordutegi murrizketek eta konfinamenduek ostalari, merkatari txiki eta lehen sektoreko langileei egin dien kalteari aurre egiteko proposamenez hitz egiteko. Azkenik, Osakidetzaren kudeaketa hobetzeko neurriak exijitu dituzte: «Osasun egoeraren larritasunak, osasun zerbitzuen lan zama eta saturazioak, osasun langileen egoerak etengabe kudeaketa eredua hobetzen lagunduko duten neurriak bideratzea eskatzen du».
Oposizioko alderdi nagusiek uste dute instituzioek eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin batera jardun behar dutela oraintxe: «Ez da nahikoa auzolana aldarrikatzea: praktikatu egin behar da». Hala, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek emaniko ezezkoa «ulertezitzat» jo du EH Bilduk: «Osasunaz, hezkuntzaz, familien kontziliazioaz eta enpresei laguntzeaz eztabaidatzea ez omen da premiazkoa, esan dutenez, hain justu osasun sistema kolapsotik gertu dagoen honetan eta ziurtasun falta erabatekoa den honetan bai ikastetxeetan, bai familietan, bai enpresetan». Are gehiago, koalizio subiranistaren arabera, legebiltzarra itxita mantentzea «gizartea isilarazteko modu bat» da, agerian uzten dituena pandemiaren kudeaketaren «noraeza eta ahulezia».