OMEk «goiz» iritzi dio koronabirusa gaitz endemikotzat jotzeko

Osasunaren Mundu Erakundeak uste du Europako herritarren erdiak kutsatuko direla sei eta zortzi aste arteko tartean. Europarako bulegoko arduradunak ohartarazi du pertsona zaurgarriak eta osasun langileak babestea dela orain lehentasuna.

Jendea ilara egiten testak egiteko, Lisboan. MIGUEL A. LOPES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 11
12:21
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europarako arduradun Hans Klugek ohartarazi du «goiz» dela oraindik COVID-19a gaitz endemikotzat jotzeko. Klugen esanetan, omikronaren kutsakortasun handia eta erietxeen gainkarga hartu behar dira orain lehentasuntzat: «Oso kontuz hartu behar ditugu etorkizuneko aurreikuspenak. Ez litzateke lehen aldia ezusteko bat jasotzen dugula». OMEko arduradunak neurriak eskatu dizkie agintariei pertsona zaurgarriak eta osasun langileak zaintzeko, eta baita pandemiak ekonomiari eta hezkuntzari eragindako kaltea gutxitzeko ere.

Datozen asteetarako aurreikuspena ere egin du Klugek, eta iragarri du litekeena dela sei eta zortzi aste arteko tartean Europako herritarren erdiak kutsatzea, eta kezka agertu du ospitaleetako egoeraren inguruan. OMEko arduradunak gogorarazi du txertorik hartu ez dutenek sei aldiz arrisku handiagoa dutela ospitaleratuak izateko.

Europan, kasuek nabarmen egin dute gora azken astean. OMEk emandako datuen arabera, aurreko bi asteetan halako bi dira positiboak. 26 herrialdek jakinarazi dutenez, astero herritarren %1 kutsatzen da. Heriotzei dagokienez, hildakoak gehiago dira txerto gutxiago jarri diren herrialdeetan. «Uneotan kezkatzen gaituena da omikron aldaera Europa ekialdera zabaltzen ari dela. Ikusteko dago zer gertatuko den; izan ere, herrialde horietan txertatze tasa askoz txikiagoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.