Migrazio politikak

Migrante batek femurra hautsi du Irungo trenbidean, Frantziako Poliziarengandik ihesean zela

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatu nahian zebilen gaztea, larunbat goizaldean. 20 urte ditu, eta Sudangoa da jatorriz. Ebakuntza egin diote Bidasoako Ospitalean.

Irungo Harrera Sareak migrazio politikak gaitzesteko deitutako manifestazioa, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA, FOKU
2022ko urtarrilaren 10a
18:21
Entzun

Irungo Harrera Sareak eman du gertatutakoaren berri, Antxeta Irratian eginiko elkarrizketa batean. Sareak jakinarazi duenez, 20 urteko migrante bat zauritu egin da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga inguruan, Frantziako Poliziarengandik ihes egin nahian zebilela. Zehazki, azaldu dutenez, Lapurdira pasatzeko ahaleginetan gertatu da ezbeharra. Gaztea larunbateko ordu txikitan saiatu zen muga igarotzen. Ordea, Frantziako Poliziak eragotzi egin zion aitzina egitea, eta gazteak ihes egin zuen orduan, Irunera (Gipuzkoa) bidean atzera ere. Ihesean zela, trenbidera iritsita, migratzaileak istripu bat izan zuen, eta femurra hautsi zuen.

Lesioa dela eta, ebakuntza egin diote Bidasoko Ospitalean. Bost egun pasatu beharko ditu zentroan, arta jasotzen. Dena dela, oraindik ere ez da argi zer gertatuko den epe hori igarota, eta, hain justu, Harrera Sarekoek kezka azaldu dute hori ikusirik. «Hiru hilabete inguru beharko ditu osatzeko, eta, logikoa denez, igeltsua hankan eta makuluekin ezingo du muga pasa», adierazi du Harrera Sareko kide Josune Mendigutxiak Antxeta Irratian esandako hitzetan. Oñatiko (Gipuzkoa) harrera aterpetxean har dezaten galdegin du.

Halaber, Irungo Harrera Sareak zehaztu du ez dela azken egunotan Bidasoko Ospitalean artatu duten migratzaile bakarra. Igandean bertan beste bat hartu zuten zentroan. Mendigutxiaren esanetan, «erabat akituta zegoen, ezin ibili», eta odol transfusioa egin behar izan diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.