10-1. 18-10. Eta 20-22. Joan den asteko gidoi bera izan du Pena II.aren eta Albisuren neurketak: makal ekin diote norgehiagokari, baina, tantoek aurrera egin ahala, partidan sartu dira, eta bikain amaitu dute. Joan den igandean, Irribarria eta Rezusta izan ziren biktimak, eta oraingoan, Urrutikoetxea eta Aranguren.
Getarian (Gipuzkoa) jokatu dute Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko neurketa. Frontoi bizia da, eta Peñak eta Albisuk aitortu dute hasieran hari neurria hartu ezinda ibili direla. Ohartzerako, 10-1 irabazten ari ziren Urrutikoetxea eta Aranguren. Gutxi geroago, 18-10.
Orduan hasi da Albisu atzean nagusitzen, eta Peña, berriz, aurrean asmatzen. Azken tantoetan bikain aritu da aurrelaria, eta tanto ederrak utzi ditu. Presioak, berriz, kalte egin die gorriei, ikusleen gozamenerako.
Dena den, irabazleek aitortu dute asko dutela hobetzeko: «Irabaztea beti da garrantzitsua, baina bi aste jarraian daramatzagu neurketa oso gaizki hasten, eta hori aldatu beharra dago», adierazi du Peña II.ak. Aipatu dute ongi-ongi ere ez direla sentitu.
Modu batera edo bestera, seigarren posturako borrokan jarraitzea ahalbidetzen dien puntu bat lortu dute. Zortzigarren jardunaldia amaituta, borroka berean sartuta dabiltza Urrutikoetxea eta Aranguren.
Sailkapena
1. Elezkano II-Zabaleta, 7 puntu
2. Laso-Imaz, 5
3. Altuna III.a-Martija, 5
4. Irribarria-Rezusta, 4
5. Urrutikoetxea-Aranguren, 4
6. Peña II.a-Albisu, 3
7. Jaka-Mariezkurrena II.a, 3
8. Ezkurdia-Tolosa, 1