Urtarrilaren 1az geroztik Hego Euskal Herriko kontsumitzaileek eskubide gehiago dituzte. Espainiako Gobernuak, Kontsumo Ministerioak bultzatuta, produktu berrien bermea luzatu du: bi urtetik hirura. Ipar Euskal Herrian, aldiz, bi urtekoarekin jarraituko dute oraingoz. Era berean, produktuen ekoizleek hamar urtez bermatu beharko dute ordezko piezak daudela. Kontsumitzaile elkarteak alde agertu dira; ekoizleenak, aldiz aurka. Ordezko piezen araudiak sortu du kexa gehien.
Bi urtetik hirura
Lege aldaketaren goiburu nagusia da: produktu berrien bermea bi urtetik hirura igaro da. 2020ko azaroan Europako Batasunak «konpontzeko eskubidea» aldarrikatu zuen, eta Europako hainbat gobernuk berme legeak aldatzeari ekin zioten. Zaharkitze programatu izenekoari mugak jartzea eta hondakin elektronikoak murriztea dira lege aldaketaren beste helburuak.
Kexatzeko bi urte
Lege berriak beste eskubide bat luzatu du: ados ez egoteko epea. Erosleak, lehen, sei hilabeteko epea zuen erositako produktuarekin gustura ez zegoela argudiatzeko. Betiere, produktuak jatorrizko baldintzak beteko ez balitu. Desadostasun epe deritzo, eta, orain, bi urtera luzatu dute. Era berean, orain, erosleak erabaki dezake epe horren barruan gailua konpon diezaioten nahi duen edo berria nahi duen.
Autoetan ere bai?
Bai, eta kilometro mugarik gabe. Lehen bi urteetako matxura guztiak, aurkakoa frogatu ezean, jatorri huts gisa joko dira. Hori bai, jabeak etxearen ikuskapen ofizial guztiak egin beharko ditu. Dena den, auto ekoizle gehienek berme luzeagoa eskaintzen dute.
Hamar urte, asko al dira?
Eztabaida gehien sortu duen aldaketa da: ordezko piezak bermatzeko epea bost urtetik hamarrera igaro da. Ekoizleen arabera, bermea bi urtetik hirura luzatzeak ez du egoera asko aldatuko; diotenez, arraroa delako gailu bat bere kasa hain bizkor matxuratzea. Ordezko piezen arauak, aldiz, sestra gehiago sortu du. Sakelako telefonoen konpainiek, esaterako, argudiatu dute haien merkatua oso bizkor garatzen ari dela, eta duela hamar urteko gailuen piezak (pantailak, argiak...) gordetzeak ez duela zentzurik.
Izango al du eraginik?
Ekoizle elkarteek diote prezioak igotzeko beste arrazoi bat izan daitekeela. Salmenta osteko zerbitzua indartu beharko dutela eta, batez ere, piezak gordetzeko tokia beharko dutela. Kontsumitzaile, elkarteek berriz, lanpostuak sortuko direla diote, konponketetarako jende gehiago beharko delako.
Itsasgarri berria
Baina gailu guztiak konpondu al daitezke? Bai, edo konpon ahal beharko lukete. Hemendik aurrera, Hego Euskal Herriko gailuek konpongarritasun maila zehazten dien itsasgarri bat izan beharko dute kutxan. Ipar Euskal Herrian iaztik existitzen da. 0tik 10erako eskala batean zehaztuko da zenbateko zailtasuna duen hura konpontzeak matxuraren bat gertatuz gero. Eredu batzuk jartze aldera, Iphone 12 sakelako telefonoak 6ko konponketa indizea du, Xiaomi 10ak 7,3koa eta Huawei P20ak 5,8koa.
Eta Europan, zer?
Europako Batasunak bi urteko gutxieneko bermea ezartzen du, eta hortik gorakoak herrialde bakoitzak zehazten ditu. Denetariko ereduak daude. Esaterako, Frantzian eta Italian bi urtekoa da; aldiz, Suedian, Portugalen eta Espainian hirura igo da aurten. Norvegian eta Erresuma Batuan —ez daude EBn— bost urteko bermea dute, eta Irlandan, seikoa. Herbehereetan produktu bakoitzaren gehienezko iraupen teoriko baten arabera ezartzen da.
Kontsumitzaileen eskubideak
Sakelako telefonoen eta beste gailu berrien bermeak hiru urtekoa izan beharko du Hegoaldean
Urtarrilaren 1az geroztik Hego Euskal Herrian erositako produktuek berme luzeagoa dute: bi urtetik hirura igaro da. Etxe ekoizleek hamar urtez bermatu beharko dute produktu horren ordezko piezak daudela. Konponketa sustatu nahi duen lege aldaketa da, eta zaharkitze programaturikoaren aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu