Hainbat kazetarik euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeez galdetu diote gaur Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari, eta, hark erantzun dienez, euskal presoei ere espetxe legedia aplikatu behar zaie, «zuzenbide estatu batean beste edozein lege aplikatzen den moduan, lege parametrotan eta beharrezko jurisdikzio kontrolpean».
Ministroak jakinarazi du biktimen elkarteekin harreman estua eta zuzena duela, eta haren «erreferente etikoa» direla eta izanen direla, «begien bistako arrazoi objektiboengatik».
PPk ikertzeko eskatu du
Bihar egitekoak diren 200 manifestazio baino gehiago Espainiako Fiskaltzan salatu ditu PP alderdiak.
PPk Espainiako Kongresuan duen eledunak, Cuca Gamarrak, eman du ekimenaren berri. Alderdiak abenduaren 28an salatu zuen Iñaki Etxeberria presoari hilaren 23an Iruñean eginiko ongi etorria. Gaurko salaketa, haren luzapena litzateke.
«Onartezinak dira pasibotasuna eta isiltasun konplizea», idatzi du Gamarrak. Salaketan PPk adierazi du manifestazioetan «espetxe onura gehiago» eskatuko dituztela presoentzat, eta deialdia ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari.
Debeku eskea Tuteran
Alejandro Toquero Tuterako alkateak hirian Sarek biharko deituriko manifestazioa debekatzeko eskatu dio Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari. Navarra Sumako politikaria AVT biktimen elkarteak egindako eskariari batu zaio, uste duelako «justua eta koherentea» dela biktimen galdea. Toqueroren ustez, manifestazioaren helburua «ETAkoak izateagatik edo harekin kolaboratzeagatik zigortuak izan direnak eta talde terroristaren historial kriminal odoltsua goratzea baino» ez da.
Tuterako mobilizazioa Jan Jaime plazatik abiatuko da bihar, Euskal Herriko gainontzeko herri gehienetan bezala, 17:00etan.