Konpromiso irmoko bizitza oso bat eduki du Maixux Rekaldek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1934-2022). Hil berri dela jakinarazi du Paul Rios Lokarriko koordinatzaile eta eledunak. Izan ere, Elkarriko eta Lokarriko presidente izen zen Rekalde.
Maixux Rekalde joan zaigu. Elkarriko eta Lokarriko presidentea, bakezale nekaezina, euskaltzalea, gure laguna. Ohore bat izan da berarekin ibilbidea egitea. Goian bego! pic.twitter.com/mhPptYdjdA
— Paul Ríos (@Paulrios) January 6, 2022
Eliza katolikoaren barruko erakundeetan hasi zuen ibilbide publikoa Rekaldek. Txilen egon zen bolada batez, eta Pinocheten estatu kolpeari buruzkoak gordin kontatzen zituen. «Gizartean txertatutako» egitasmoetan buru belarri sartuta ibili zela adierazi izan dute haren etxekoek.
Azken urteak Oiartzungo (Gipuzkoa) Petra Lekuona zahar etxean eman zituen, Alzheimerren gaitzak jota.
Ezkongabea zen Maixus Rekalde, eta seme-alabarik ez zuen. Diagnostikoaren osteko une zail horietan ere, bizitza osoan erakutsi zuen «argitasuna» berretsi zuela diote ilobek.
Elkarri-ren I. Bake Konferentzia, 1995. urteko martxoan. Maixux Rekalde (Elkarri) ezkerrean, Bittor Aierdi (Elkarri), Juan Mari Ollora (EAJ) eta Gorka Agirrerekin (EAJ), konferentziako bigarren egunean.Xouse Simal / Euskaldunon Egunkaria
Euskaltzale nekaezin gisa deskribatu dute askok. Izan ere, gaixotu ostean ere, ez zuen ohiko borrokarako sena galdu. AFAGI Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen senitartekoen eta lagunen Gipuzkoako elkartean, esaterako, kexua azaldu zuen ez zutelako euskaraz eskaintzen memoria lantzeko tailerrik, eta haren eskeari lotuta jarri zuten abian zerbitzua. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eredutzat hartu zuen Rekalderen aldarria, eta bideo bat egin zuen 2015ean eskabide horren gainekoekin: Gogoan izan. Horretan, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi zion Rekaldek, unerik zailenetan ere. «AFAGIra joan eta terapia euskaraz ez zela ohartu nintzenean, altxa eta ospa egin nuen».
Gogoan izan from Duintasun bideak on Vimeo.
Joseba Errekalde Lekuona eta Idoia Rekalde Lekuona ilobek BERRIAn eman zuten 2019an izebaren eta haren gaitzaren eboluzioaren berri: «Baliabideak behar dira, eta familia bat atzetik».