Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ezingo dira elkartu ikasgela bateko eta besteko umeak

Ikasle guztiek berriro maskara jantzita eduki beharko dute patioan daudenean ere. Bertan behera utzi dituzte eskola kiroleko lehiaketak.

Ume batzuk jolastokian, Donostiako ikastetxe batean, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 5a
13:03
Entzun

COVID-19aren hedapena ikusita, eta eskoletara itzultzeko egun gutxi falta direla, Eusko Jaurlaritzak erabaki du ikastetxeetako protokoloa indartzea. Maskararen erabileran, taldeak nahasteko orduan eta eskola kirolean izango du eragina, besteak beste. Urrian, baimena eman zuen Lehen Hezkuntzako maila bereko ikasleak elkartzeko patioan zeudenean, baina atzera egin dute orain: aurrerantzean, bizikidetza talde egonkorrak mantendu beharko dituzte, eta ezingo dira nahastu beste taldeekin, ezta jolastokian ere.

Maskararen erabilerari dagokionez, lehengora itzultzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: 6 urtetik gorako ikasleek maskara jantzita eraman beharko dute ikastetxeetan une oro. Orain arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen patioan ez zeukaten jantzi beharrik, 1,5 metroko distantzia izanez gero.

Eskola kirolean ere, aldaketak. Lehenetsi beharko dute kanpoaldean edo ondo aireztatutako barnealdeetan aritzea, eta intzidentzia handia edo oso handia bada —orain bezala—, ezingo dute lehiaketarik antolatu. Oraingoz, entrenamenduak baimenduta egongo dira. Gainerako eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, ezingo dituzte nahastu ikasgela bateko eta besteko ikasleak.

Eta zer gertatuko da ikasleren batek positibo emanez gero? Hauxe da atzo hartu zuten erabakia: oraingoz, positibo ematen dutenek zazpi egunez egon beharko dute etxean. Kontaktu estuak izan eta negatibo ematen dutenen artean, berriz, desberdintasunak daude: txertatu gabekoek zazpi eguneko itxialdia egin beharko dute; txertatutakoek, berriz, ez dute itxialdirik egin beharko, sintomarik ez badute behintzat.

Nafarroan ere, aldaketak

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak atzo iragarri zuenez, ikastetxeetako protokoloak indartu asmo dituzte. Astelehenean bidaliko dituzte protokolo berriak ikastetxeetara, ikasleak itzuliko diren egun berean. Ez du aurreratu zer aldatuko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.