Larunbatean ez da egonen Bilboko urteroko manifestazio jendetsurik, baina Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak herri eta hirietan eginen diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei. Nabarmendu du, hain zuzen, «garrantzitsua» dela «kalera irtetea eta salbuespeneko espetxe politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzea». Osasun egoeragatik karrikara atera ezin dutenei eskatu diete sare sozialetan zabal ditzatela haien aldarrikapenak. Mugimenduak agerraldia egin du gaur goizean Bilbon, urtarrilaren 8ko mobilizazioen azken xehetasunen berri emateko.
Joan den astean iragarri zutenez, Bilboko manifestazio erraldoiaren partez herri eta hirietan eginen dituzte mobilizazioak, baina Bilboko Euskalduna jauregian egitekoa zuten ekitaldia bere horretan mantenduko dute. Ordezkaritza zabala izanen da larunbat goizeko ekitalditan: alderdi politikoen artean, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Nafarroako Ahal Dugu egonen dira; Hego Euskal Herriko sindikatu guztiak, hots, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT, CNT eta EHNE; EAEko Arartekoaren bulegoko ordezkaritza bat; eta giza eskubideen defentsaren eremuan lan egiten duten elkarteetako ordezkaritza zabal bat ere bai. Kataluniako eta Galiziako alderdi eta eragileek ere agertu dute Bilbora joateko asmoa, nahiz eta osasun egoeraren araberakoa izanen den haien parte hartzea. Bertzeak bertze atxikimendua eman dute ERCk, Juntsek, CUPek, ANCk, Omniumek, Consell per la Republicak eta BNGk. Alde guzietako biktimek emanen diote hasiera ekitaldiari, mahai inguru batean, eta Sarek jakinarazi du hitza hartu behar dutenez gain bertze biktima batzuk ere izanen direla entzuleen artean, haiek hala eskatuta.
Bertze herri eta hirietan bezala, Bilbon ere eginen dute manifestazioa. Ez da urterokoa izanen, baina inguruko herrietako jendeari hara joateko deia egin diote, halere: Uribe Kostakoei, Ezkerraldekoei eta Basaurikoei. 17:00etan hasiko da Bilboko manifestazioa, plaza Eliptikotik, eta udaletxearen aitzinean bukatuko da. Sarek nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela mobilizazio guztietan osasun neurriak mantentzea.
Hiru aldarri nagusi
Sarek hiru aldarri nagusi eginen ditu larunbatean. Lehena, euskal preso guztiak Euskal Herriratzea, «salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe». Bigarrena, «desblokea» dadila presoak bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko aukera, espetxe baimenak hartzekoa eta baldintzapeko askatasuna lortzekoa. Eta, hirugarrena, «bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egiten» jarraitzea, «erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz».
Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak espero du espetxe politika aldatzeko «erabakigarria» izanen dela urte hau: «Sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da».