Osasuna 1-3 Athletic

Zuri-gorriek ehiztari berria dute

Athleticek bide onetik ekin dio urte berriari, Osasunari 1-3 irabazita, Sadarreko derbian. Kike Garciak aurreratu ditu gorritxoak, baina Sancetek sartutako hiru golei esker, hiru puntuak Bilbora joan dira. 

Oihan Sancet Athleticko jokalaria, Osasunaren aurka sartu dituen hiru goletako bat ospatzen, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 3a
23:20
Entzun

Athleticek atea zulatzeko zailtasun agerikoak izan ditu liga hasi zenetik. Jorik gabe, zaila da partidak irabaztea; are zailagoa Europako trena hartu nahi bada. Ba, zuri-gorriek joa berreskuratu dute antza, ehiztari berriaren eskutik. Eta hori Oihan Sancet jokalaria da. Aurreko jardunaldian, Real Madrilen aurka sartu zuen denboraldiko lehen gola elastiko zuri-gorriarekin. Gaur, bat ez, hiru sartu ditu, noren eta Osasunaren aurka, Sadarren. Zuri-gorriek 1-3 irabazi diete gorritxoei.

Athleticek garaipenarekin ekin dio urte berriari, COVID-19ak baldintzatutako euskal derbian. Bi taldeetako entrenatzaileek, Jagoba Arrasatek eta Marcelino Garciak, etxetik jarraitu behar izan dute partida, koronabirusak jota. Bittor Alkiza aritu da teknikari lanetan Berriatukoaren ordez; Ruben Uria espainiarren ordez.

Etxeko taldeak indartsu ekin dio lehiari, erasokor. Hain justu, eurak izan dira markagailuan aurretik jarri direnak, hasi eta berehala. Bederatzigarren minutuan, Jon Moncayolak eskuin hegaletik erdiraketa egin eta Kike Garciak jauzian Yerai erraz gaindituta buruz indartsu bidali du baloia sareetara. Unai Simonek ezer gutxi egin zezakeen. Zoramena Sadarreko harmailetan.

Pozak, baina, gutxi iraun die gorritxoei. 16. minutuan, Iñaki Williamsek sortutako kontraeraso azkar baten ostean, eskuin hegaletik erdiraketa egin du, eta Oihan Sancetek buruz gol ederra sartu du bigarren zutoinean zela.

Gol horri esker, hauspotu egin dira erabat zuri-gorriak, eta partida iraultzeko asmoarekin ibili dira jo eta su. Baita saria lortu ere, 24. minutuan Sanceten eskutik, berriz ere. De Marcosek eskuin hegaletik erdiraketa aparta egin, eta Athleticeko aurrelariak area txikian eskuinez atea zulatu du. Osasunan hezitako iruñarrak mutu utzi du Sadar.

Lehen zatiko hatsean, Osasunak bi aukera izan ditu markagailua berdintzeko. Budimirren ezker hegaletik Nacho Vidali pase bikaina egin dio, eta hark ongi jaurti duen arren, baloiak Mikel Balentziagaren hankan jo du, eta aldaratzean Kike Garcia ez da fin ibili. Gisa horretara heldu da atsedenaldia.

Zuri-gorriak, erosoago

Bigarren zatiko lehen minutuetan partida nahasia izan da, eta bi taldeak argitasun izpi handirik gabe aritu dira, nahiz eta, aldian-aldian, aurkariaren areara iritsi. Argiena Athleticek izan du; Iker Muniainek area txikian eskuin aldetik indartsu eman dio baloiari, baina Sergio Herreraren erantzuna are hobea izan da.

Minutuak aurrera joan ahala, Osasunak zailtasunak zituen zuri-gorrien atera hurbiltzeko eta jokoari abiadura emateko. Hala, Alkizak aldaketen beharra sumatu du hamaikakoan; Kike Barja eta Roberto Torres zelairatu ditu Budimirren eta Nacho Vidalen ordez. Aldaketak aldaketa, Athleticeko jokalariek ez dute burua galdu, eta eroso aritu dira. Bide horretan sartu dute hirugarren gola. Sancet izan da golegilea, nor bestela. Iker Muniainek Alex Berenguerri sakonean jarri, hark eskuin hegaletik erdiratu, eta aurrelariak area txikian hirugarrenez Sergio Herrera gainditu du. Iruñekoa jostalari aritu da Sadarreko berdegunean. Egun biribila izan du. Gorritxoek, aldiz, kolpe galanta hartu dute.

Partidaren hondarrean, Ortiz Arias epaileak Chimy Avila kanporatu du, Iñigo Martinezekin liskarra izan ondoren. Modu horretara amaitu da partida. Osasunak hamar partida daramatza jarraian irabazi gabe, eta hamalaugarren postuan da sailkapenean; Athletic hamargarrena da, eta Europako postuetatik hiru puntura gerturatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.