Alaves 1-1 Reala

Berdinketa urteko lehen derbian

Januzajek sartu du neurketako lehen gola hasi eta gutxira, eta bigarren zatian berdindu du Joseluk, penaltiz. Eztabaida sortu dute epailearen erabakiek.

Januzaj eta Duarte lehian, gaur, Mendizorrotzan (Gasteiz). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 2a
20:54
Entzun

Puntu bana Alavesentzat eta Realarentzat. Urteko lehen derbira bolada txarrean heldu dira bi taldeak, eta ez dute garaipenik eskuratu gaur ere. Realak sei partida daramatza garaipenik lortu gabe, eta, Alavesek, zazpi. Entrenatzaile aldaketak ere ez balio izan hiru puntuak eskuratzeko babazorroei: gaurkoa izan da Jose Luis Mendilibarren lehen neurketa Alavesen aulkian. Bi taldeek baja askorekin egin diote aurre gaurko lehiari, lesioak eta COVID-19 kasuak tarteko.

Norgehiagoka, gainera, ez da ongi hasi Realarentzat; beroketan min hartu du Joseba Zalduak, eta hirugarren minutuan lesionatuta zelaia utzi behar izan du Barrenetxeak. Joerari, ordea, azkar eman diote buelta txuri-urdinek: aulkitik sartu den Januzajek 13. minutuan sartu du 0-1ekoa. Silvak pase ikusgarria egin dio Porturi, hark patxadaz hartu du, burua altxa du, eta ondo erdiratu du Januzajentzat.

Lehen zatia ederra izan da, eta bi taldeek izan dituzte gol aukerak. Argienak, ziurrenik, Realak, nahiz eta Remirok ere bere taldea salbatu behar izan duen pare bat aldiz. 41. minutuan heldu da neurketako lehen jokaldi polemikoa: Isak bakarrik geratu da gaur debuta egin duen Owono atezain gaztearen parean, eta Laguardiaren bultzakada bat tarteko ezin izan du nahi zuen bezala errematatu. Zutoinean jo du baloiak, eta ez du ezer adierazi Del Cerro Grande epaileak.

Neurketatik kanpora

Realeko jokalariak haserre joan dira aldageletara, eta hura areagotu besterik ez da egin epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi duenean 57. minutuan. Erdiraketa batean, lehian zebiltzan Zubeldia eta De La Fuente, eta Realekoak Alavesekoari penalti egin diola ikusi du epaileak. Joseluk arazorik gabe engainatu du Remiro. 1-1.

Hortik aurrera trabatu egin da jokoa. Neurketatik atera da Reala, eta gehien estutu duena etxeko taldea izan da, baina aukera garbiegirik sortu gabe. Falta asko eta joko gutxi.

Gauzak hala, jaitsiera postuetan jarraitzen du Alavesek 16 punturekin, eta seigarren Realak, 30ekin.

Alaves: Owono; Agirregabiria, Lejeune, Laguardia, Duarte, Loum, Moya, Ivan Martin (Edgar, 45'), Luis Rioja; De la Fuente (Sylla, 71) eta Joselu.

Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia (Pacheco, 80'), Le Normand, Rico; Gebara (Zubimendi, 80'), Merino, Silva (Sorloth, 75'): Portu (Djouahra, 75'), Barrenetxea (Januzaj, 2') eta Isak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.