Hilberria

Xanti Iparragirre euskaltzalea hil da, 87 urterekin

Eskoriatzako (Gipuzkoa) bere baserrian zendu da. Iheslari politikoa izan zen, bertso eskolen sortzailea, eta Marixol Iparragirre euskal presoaren aita, besteak beste.

Xanti Iparragirre, 2006an. BOB EDME
2022ko urtarrilaren 2a
19:25
Entzun

Igande goizean hil da Xanti Iparragirre Perurena euskaltzalea (Errenteria, Gipuzkoa, 1934 - Eskoriatza, Gipuzkoa, 2022), 87 urterekin. Azken egunak ospitalean egin ditu, eta, azkenean, bere baserrian hil da. Euskaltzalea eta abertzalea zen, iheslari politikoa, baita bertso eskolen sortzailea ere. Azken agurra asteartean egingo diote, 19:00etan, Eskoriatzako San Pedro elizan.

Marixol Iparragirre euskal presoaren aita ere bazen Xanti, eta hura espetxetik Eskoriatzara eraman dute aita agurtzeko.

Errenteriako Añarbe auzoan jaio zen, eta hamar anai-arrebetatik zazpigarrena zen Iparragirre. Eskoriatzara ezkondu zen 1959an, eta bost seme-alaba izan zituen. Han sortu zuen Euskal Herriko lehen bertso eskola, Patxi Goikolea eta Juanito Akixorekin batera.

Iparragirre, 2008an, Amets Arzallusi Xilabako lehen txapela jarri zionean.

1981an bilakatu zen iheslari politiko; Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta sasian ibili zen 2003ra arte. Iparraldean hainbat urtez izan zen bertso irakasle, eta, 2008an Amets Arzallusek lehenengo Xilaba irabazi zuenean, Iparragirrek berak jantzi zion txapela.

Agurra

Hil berritan, hainbat izan dira sareetan Iparragirreri azken agurra eman diotenak. Bertsozale elkarteak, adibidez, «bertsolaritzaren alde egindako guztia» eskertu dio.

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiarentzat, berriz, «herritarra eta herrigilea, euskalduna eta abertzalea» izan da Iparragirre: «Ohore bat izan da bidearen zati handi bat zurekin partekatzea».

Sareetan beste hamaika erabiltzailek ere izan dute gogoan Iparragirre. Irulegiko Irratiak, adibidez, joan den urrian harekin izandako solasaldia izan du gogoan: «Hastapenetik egin dudan bizian, legearen barnean ez naiz ibili. Legea barrendik ez dut ezagutu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.