Ostalari elkarteak atzo elkartu ziren Eusko Jaurlaritzarekin, eta gaur goizean eraman dute haien eskaria auzitegira. Presazko neurriak hartzeko eta behin-behinean ostalaritzari jarritako murrizketak ezeztatzeko eskatu dute. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzeratu egin du erabakia, eta jakinarazi du bihar aztertuko duela, ostirala, Urtezahar gauaren atarian.
Auzitegiko epaileek, ordea, aurreratu dute Jaurlaritzaren murrizketek «arrazoizkoak» ematen dutela, COVID-19an positibo ematen ari diren gero eta kasu gehiago agertzen ari direlako egunero. Horregatik, ezer presaka erabaki beharrean, aurrena Jaurlaritzaren argudioak aditu nahi dituela azaldu du, eta bihar goizeko hamarrak arteko epea utzi dio administrazioari arrazoi horiek aurkezteko.
Atzo sartu ziren indarrean ostalaritzako murrizketak. Ostatuek 01:00ean itxi behar dute, edukiera %60ra murriztua dute, ezin da zutik kontsumitu, eta bezero taldeak hamar lagunera mugatu behar dira. Urtarrilaren 28ra arte iraungo lukete murrizketek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Ostalariek epaileen aurrean argudiatu dute taberna askok eskariak egin eta kontratuak izenpetu dituztela hornitzaileekin, eta galera handiak izan ditzaketela goizago ixtera behartzen badituzte. Eta ohartarazi dute batzuk ixteko arriskuan ere egon litezkeela egoera horretan.
Ostatuei murrizketak egiteko dekretua «orokorregia» dela salatu dute helegitean, eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek «proportzionatuak eta egokiak» izan behar dutela nabarmendu dute.
Kautela handiko neurri bat hartzeko eskatu diote ostalariek auzitegiari; epaileei behin-behinean eta helegitearen funtsa aztertu gabe neurriak azkar bertan behera uzteko aukera emango lieke horrek, baina EAEko Justizia Auzitegiak erabaki du kautelazko prozedura egitea; ez, ordea, kautela handikoa. Aurrena Jaurlaritzari aukera emango dio bere arrazoiak aurkezteko, eta ondoren hartuko dute epaileek erabaki bat, bihar seguru asko.
Epaileek, nolanahi ere, adierazi dute pandemiaren egoera aintzat hartuta «arrazoizkoa» ematen duela pertsonen arteko harreman aukerak murrizten saiatzeak, eta baita ordutegiak murrizteak ere.