EUSKAL PRESOAK

Urtarrilaren 8ko mobilizazioak herrietan eginen dituzte, osasun egoeragatik

Sarek jakinarazi du bertan behera utzi dutela Bilbon egitekoa zuten manifestazio jendetsua: «Ez da erabaki erraza izan». Herrietako protestak 17:00etan eginen dituzte. Goizeko ekitaldia bere horretan mantenduko dute.

Iaz ere herrietan egin zituzten protestak. Irudian, Donostiako manifestazioa. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 30a
11:08
Entzun

Iaz bezala, ezin izanen dituzte Bilboko eta Baionako karrikak euskal presoen eskubideen aldeko aldarri ozenez bete. Sarek gaur goizean Gasteizen egin duen agerraldi batean jakinarazi duenez, bertan behera utzi dute Bilbon egitekoa zuten urteroko manifestazio jendetsua, eta, horren partez, herrietan eginen dituzte mobilizazioak. 17:00etan izanen dira, eta Bilbon bertan ere eginen dute mobilizazioa —inguruko herri batzuek hara joateko deia eginen dute—.

Goizerako antolatua zuten mahai ingurua bere horretan mantenduko dutela jakinarazi du Sarek. Euskalduna Jauregian elkartuko dira ordezkari politiko, sindikal eta sozialak —heldu den astean erranen dute zehazki nork parte hartuko duen— eta ekitaldiari alde guzietako biktimek emanen diote hasiera, mahai inguru batean. Robert Manriquek, Naiara Zamarreñok, Rosa Lluchek, Maider Garciak eta Idoia Zabalzak hartuko dute hitza.

Sarek jakinarazi du Bilboko manifestazio jendetsua bertan behera uztearena ez dela erabaki «erraza» izan, bigarren urtea baita mobilizazio handia bertan behera uzten dutena: «Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 10.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio batera deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori». Adierazi dute «sakon hausnartu ondoren» hartu dutela erabakia, COVID-19ak eragindako egoera kontuan hartuta, eta «atsekabe handiz».

Aldarri egunari eustea garrantzitsu ikusten zuten, ordea, eta espero dute aldi berean «ehunka mobilizazio» eginen direla Euskal Herriko herrietan. «Milaka pertsonaren» parte hartzea espero dute, eta jakinarazi dute «segurtasun neurri guztiak» beteko dituztela.

Protesta, «beharrezko»

Hiru arrazoi eman dituzte mobilizazioak herrietan egitea eta, beraz, aldarrikapenari eustea azaltzeko. Batetik, azaldu dute egun hori «ikur» bat dela euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenean. Bigarrenik, nahiz eta urte hau «garrantzitsua» izan den espetxe politikaren «aldaketari» dagokionez —hurbiltze eta Euskal Herriratze ugari gertatu dira—, ohartarazi dute euskal preso «gehienak» Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela oraindik, eta gradu progresioa «blokeatuta» dagoela: «Presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua». BERRIAren kontaketaren arabera, gaur egun kartzeletan dauden 197 euskal presoetatik 79 daude Euskal Herriko espetxeetan. 22 Frantziako kartzeletan daude, eta 96, Espainiakoetan.

Azkenik, Sarek salatu du pandemiak «eragin zuzena» duela presoengan eta haien senideengan: «Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, batez ere aurrez aurrekoak». Hala, Sarek «inoiz baino beharrezkoago» ikusten du «aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko». Aldarrikatu dute «bizikidetzarako eta bakerako bidea» dela «etxerako bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.