Udalak

Oposizioak atzera bota ditu Iruñeko Udalaren 2022ko aurrekontuak

Osoko bilkuraren hasieran, Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotziak kargua hartu du, Joxe Abaurreak utzitako hutsunea betetzeko. Joseba Asironek (EH Bildu) azpimarratu du Enrique Maia alkateak «porrot egin» duela gehiengo demokratikoa aintzat ez hartzeko saioan.

Garbiñe Bueno kargua hartzen, Enrique Maia alkatearen aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko abenduaren 30a
10:26
Entzun

Hamalau boto kontra, hamahiru alde. Azkenean, Navarra Sumak ezin izan du Joxe Abaurreak utzitako hutsunea baliatu 2022ko aurrekontu proiektua ateratzeko. Urte amaierako azken osoko bilkuraren hasieran, Garbiñe Buenok kargua hartu du, eta, haren botoarekin, EH BIlduk, PSNk eta Geroa Baik atzera bota dituzte aurrekontuak. Oposizioko hiru eledunek «errealitatetik kanpoko» egitasmo bat aurkeztea aurpegiratu diote Enrique Maiari. Iruñeko alkateak ihardetsi die eurek ez dutela proposamen bakar bat aurkeztu.

Azken asteak gorabehera handikoak izan dira udal taldeen arteko joko politikoan. Udal gobernuak azaro hasieran aurkeztu ohi ditu aurrekontuak, baina, aurtengoan, epe hori atzeratu egin du Navarra Sumak. Urriaren 25ean, Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak udalen artean tokiko foru ogasuneko dirua banatzeko irizpideak aldatu zituzten, eredu bidezkoago bat bilatu eta despopulazioaren arazoari aurre egiteko asmoz. Besteak beste, Iruñeari kendu egin zioten hiriburutza agiria izateagatik urtero jasotako dirua. Aldaketa hori salatzearekin batera, prestatzen ari ziren aurrekontu proposamena egokitzeko denbora eskatu zuen Maiaren udal gobernuak.

Alta, udal talde guztiek, Navarra Sumak barne, ondo zekiten abenduaren 9an Joxe Abaurrearen aurkako epaiketa egitekoa zela 2019ko txupinazoko istiluen harira. Ikurrina zabaltzeko saioan, EH Bilduko hainbat hautetsik istiluak izan zituzten gogor oldartu zitzaizkien udaltzainekin eta Carmen Alba Navarra Sumako zinegotziarekin. Alba jo zuelakoan, fiskalak 20 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen Abaurrearen aurka, eta, eskaera hori aurrera ateratzea eragozteko, defentsak sei hilabeteko espetxe zigorra hitzartu zuen. Akordioa ikusita, kargua borondatez uzteko asmoa azaldu zuen Abaurreak.

Epaiaren berri izan eta goiz berean, Navarra Sumaren udal gobernuak 2022ko aurrekontu proiektu berria aurkeztu zuen, hilabete lehenago argudiatutako egokitzapenik egin gabe. Halaber, hura bozkatzeko prozedura eta egutegia aurkeztu zuen, epeak atzeratuz eta hura onartzea bozkatzeko oso bilkura abenduaren 30era luzatuz. Udal finantzaketaren eredu aldaketaren legea oraindik onartu gabe dagoela argudiatu zuen, baina argi zegoen Abaurrearen hutsunea baliatzeko asmoa zuela Maiak, Garbiñe Buenori, Abaurrearen ordezkoari, kargua hartzeko denborarik eman ez ziezaion. EH Bilduko zinegotziaren botorik gabe, berdinketa zegoen, eta haren kalitatezko botoak erabakiko zuen bozketaren zentzua.

Egunotan, Maiak berak azpimarratu du Abaurrearen hutsunea baliatzeko asmoa zutela, eta, «amarru horren aurrean», oposizioak planto egin zuen. Horren jakitun, baina, EH Bilduk epeak zaindu ditu, eta, azkenean, gaur bertan, gai ordenako lehen puntua izan da hori. «Lege aginduz» promes egin, eta hautetsi kargua hartu du Buenok. Iruñerriko Mankomunitateko ordezkari ere izendatu dute. Maiak zoriondu egin du hautetsi berria.

Osoko bilkura

Karta guztiak mahai gainean, Navarra Sumako Maria Etxabarrik salatu du «azkenik antzerkia amaitu» egin dela, eta antzezpen horretako aktore nagusiak izatea aurpegiratu die oposizioko alderdiei. «Zuek izan zarete denborarekin jokatu duzuenak eta espedientearen epea kolokan jarri duzuenak. Guk aurreikusitako denboran egin dugu, eta atzerapena zuen erruz izan da». Finantza eredu aldaketaz, ulertezina deritzo Iruñeak hiriburutza agiria galdu izanari edo beste udalen aurrean elkartasunik ez duela esateari: «Ea nola azaltzen diezuen iruindarrei eta zuen boto emaileei».

EH Bilduko Joseba Asironek, kontrara, argudiatu du «iruzur egiteko ahalegina» egin duela Navarra Sumak, talde barruko behin-behinekotasun egoera baliatu nahirik. «Behin jokaldia gaizki atera ostean, guztia antzezpen bat izan dela diozue orain, txantxa bat zela. A zer lotsagabekeria». Asironen arabera, onartuko ez zirela jakitun, «proposamen errepikakorra eta irreala» egin du Navarra Sumak, «aurrera atera ez diren proiektuak berriro aurkeztuz». Alkate ohiaren arabera, aurtengo aurrekontuan jasotako inbertsioetan «hiru eurotik bat» ez du gauzatu udal gobernuak, eta hiriburutza agiria galdu izana «kudeaketa txarra ezkutatzeko kezko hesi bat» baino ez da. Politikoki «asmo txarrez jokatzea» leporatu dio Maiari: «Zure azken helburua Nafarroako Gobernuarekin talka egitea da. Zorionak, garrantzi politikoa galtzeko zure lasterketa eroan lortu duzu hiriaren interesak Nafarroako Gobernuaren aurkako instrumentu alderdikoi huts bat bihurtzea. Espero dut Esparzak zoriondu izana, Iruñeak ez du egingo».

Ekainetik bilerarik ez

PSNk iaz Navarra Sumarekin akordioa hitzartu eta 2021eko aurrekontuen alde egin zuen. Aitzitik, aurten, akordio horretan jasotako proposamen nagusiak bete ez izana aurpegiratu dio Maite Esporrinek Maiari. Haren hitzetan, ekainetik ez dira bildu sozialistek aurkeztutako proposamenen nondik norakoak bilakaera aztertzeko. «Ikusten da horrekin zer asmo zituzten berriro ituna egiteko». Jarrera horren aurka, ezezkoa ematea deliberatu dute. Esporrinen arabera, proposamena «errealitatetik kanpo dago», diru sarreren igoera handia proposatu arren, «ez delako nahikoa gastuaren igoera finantzatzeko eta udal teknikariek horri buruz ohartarazi dutelako». Horregatik, ezezkoa ematea erabaki dute.

Geroa Baiko Javier Leozek ez du ezkutatu PSNrekin eta EH Bildurekin zentsura mozioaren aukera aztertzeko prest zirela, baldin eta Abaurrearen hutsunea baliatu izan balu udal gobernuak. «Esan genizun zentsura mozioaz hitz egiteko prest ginela, eta hori ez zen xantaia bat. Pozten gara ez delako bete».

Haren hitzetan, Navarra Suma Asironen agintaldian «altxortegian aurreztutako 35 milioi euroak amaitzen ari da»: aurten 19 milioira murriztu da, eta, aurrekontu proposamena onartuko balitz, 2022an hutsean geratuko litzateke. Leozek salatu du, gainera, udal gobernuak ez duela baliatu pandemia garaian udalei finantza egonkortasunaren legeko baldintzak altxatzeko garaia, «hiriko proiektu nagusiak garatzeko». «Guk izan ez genuen aukera hori galdu duzue».

Maiaren erreakzioa

Eledun guztiek hitz egin ondotik, alkate gisa, azken hitza izan du Maiak. Guztiei antzeko argudioak erabiltzea aurpegiratu die. Asironen hitzei erreferentzia eginez, Maiaren irudiko EH Bilduk egin du iruzur, eta ez Navarra Sumak. «Aurreko osoko bilkuran altxatu egin zineten, eta, guk berdin egin izan bagenu, Bueño anderea ez legoke gaur hemen». Asironi, halaber, hiriburutza agiria kendu izanaren inguruan azaldutako jarrera aurpegiratu dio: «2017an, finantzaketa horren alde eta agiriaren alde egin zenuen. Orain, alkate izateari utzi diozun honetan, bost axola zaizu Iruñea».

Geroa Bairi aurpegiratu dio ez duela hitz egiteko borondate errealik. «Hitzek gauza bat diote, eta ekintzek beste bat». Esporrinen aurrean tonua leundu egin du. Maiaren ustez, norbaitek irizpidea markatu dio Esporrini: «Gonbidatzen zaitut jaramonik ez egitera hori esan dizunari. Asironekin baino gehiago fidatzen zara nirekin. Inoiz ez zenidake esango, hari egin zenion bezala, ‘Agur, Maia’».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.