Lau urteko espetxe zigorra galdegin dute Donostiako gazte baten aurka

Iazko abenduan errepresioaren aurka egindako protesta batean atzeman zuten. Parte Zaharra Aske plataformak elkarretaratzera deitu du heldu den astelehenerako, 19:00etan, Plaza Berrian.

Ertzaintzak gazteetako bat atxilotu zuen unea, iazko abenduaren 14an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 29a
17:32
Entzun

Joan den urteko abenduaren 14an manifestazioa egin zuten hainbat herritarrek Donostiako Parte Zaharrean, Auzoak Defendatu, errepresiorik ez lelopean. Protestaren ondotik istiluak gertatu ziren, eta, Parte Zaharra Aske plataformak jakinarazi duenez, hamasei lagun atxilotu, bertze «asko» kolpatu eta dozenaka identifikatu zituen Poliziak «egun horietan». Plataformak jakinarazi duenez, abenduaren 14ko protestan atxiloturiko gazteetako bat laster epaituko dute, eta eskaera gogorra egin diote: lau urteko espetxe zigorra, desordena publikoak eragitea eta aginteari eraso egitea egotzita.

Taldeak ohartarazi duenez, epaitua izanen den gaztea «ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari», eta istiluak gertatzen ari ziren gunetik, hau da, Narrika kaletik kanpo zegoen: Bulebarrean. «Gertatzen ari zenari begira zegoela, Ertzaintzak inolako azalpen eta justifikaziorik gabe atxilotu zuen, modu guztiz arbitrarioan».

Taldeak salatu du «muntaia polizial» horren bidez «euskal gazteria beldurtu» nahi dutela: «Baina guk argi eta ozen diogu ez diogula errepresioari aurre egiteari eta elkartasuna antolatzeari utziko». Protestara deitu dute heldu den astelehenerako, urtarrilaren 3rako: 19:00etan bilduko dira, Plaza Berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.