Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak «ez du arrazoirik ikusten» Sarek abenduaren 31rako Iruñean deitutako «ETAko presoen aldeko manifestazioa» debekatzeko. Uste du ez dagoela «deliturik»; halere, poliziek «zaintza neurriak har ditzatela» eskatuko du: «Ekitaldi horretan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu diren egiaztatzeko».
Egun berean Sarek Arrasaten (Gipuzkoa) egingo duen presoen aldeko manifestazioak ere hautsak harrotu ditu azken egunotan. Horren harira, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak manifestazio horren inguruko idazki bat bidali dio Euskal Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari. Informazio idazki horretan, ordezkaritzak berak eta Estatuko Segurtasun Indarrek manifestazioari buruz egindako polizia txostenak jasotzen dira. Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkariak «sentsibilitatea eta enpatia erakusteko» eskatu dio Sareri.