Espainiako aurrekontuak

Espainiako Kongresuak onartu ditu 2022rako aurrekontuak

Senatuak oniritzia eman arren, PPk onartutako zuzenketa batek atzeratu egin zuen onarpena. Azkenean, zuzenketa horren alde egin dute 281 diputatuk.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea bere gobernukideen txaloak jasotzen, gaur, aurrekontuak onartu berritan. FERNANDO ALVARADO / EFE
2021eko abenduaren 28a
14:43
Entzun

Azken tramite parlamentarioa gainditu dute Espainiako aurrekontuek, Diputatuen Kongresuak gehiengo osoz onartu baititu gaur goizean. Lege proposamenaren azken zuzenketak aldeko 281 boto jaso ditu, aurkako 62 eta abstentzio bat. Urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Espainiako Gobernuak ziurtatua zuen gehiengoa gaurko bozketan, baina nahi baino gehiago luzatu zaio aurrekontuak onartu arteko tartea. Joan den astean jaso zuten Senatuaren oniritzia, baina, azken momentuko zuzenketa bat onartu izanaren ondorioz, astebetez atzeratu da kontuen behin betiko onarpena. Izan ere, Compromis alderdiak hizkuntza koofizialen sustapenerako zuzenketa bat egin zuen, eta, ezustean, horren alde egin zuen PPk, aurrekontuen onarpena atzeratzeko asmoz. 1,6 milioi euroko funts bat aurreikusten du zuzenketa horrek, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak jasotzen dituen hizkuntzen babeserako. Zehazki, Hego Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara, Aragoira, Galiziara eta Asturiasera bideratuko lirateke laguntzak, bertako hizkuntzen sustapenerako eta hedapenerako.

Hain justu, zuzenketa horren inguruko bozketa egiteko soilik bildu da ganbera gaur, lege proiektuak gainerakoan nahikoa babes lortua baitzuen aurretik ere, bai Diputatuen Kongresuan eta bai Senatuan. Aurrekontuaren azken zuzenketa zen, eta haren alde egin dute EAJko eta EH Bilduko diputatuek. Horienez gain, honako indar hauetako diputatuen aldeko botoa jaso du zuzenketak: PSOE, PP, Unidas Podemos, Esquerra Republicana de Catalunya, Junts per Catalunya, CUP, Mas Pais-Equo, Foro Asturias, BNG eta Compromis. Voxeko eta Ciudadanoseko diputatuek bakarrik eman dute kontrako botoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.