Esnea

Ekoizleei esnea «prezio duin batean» salerosteko exijitu dute EHNEk eta UAGNk

Iruñeko Mercadona batean egindako protestan, salatu dute egoera «bideraezina» dela pentsua eta erregaia garestitu direla-eta, eta elikagai kateko legea aplikatu dadila eskatu dute.

Felix Bariain (UAGN) eta Fermin Gorraiz (EHNE) eta abeltzainen protesta, Buztintxuri auzoko Mercadonaren aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko abenduaren 28a
14:12
Entzun

Pentsuak jaten gaitu eta Distribuzioak kateatzen gaitu zioten kartelei heldurik, abeltzain talde handi bat elkartu da eguerdian Iruñean, Buztintxuri auzoko Mercadona batean. Nafarroako EHNEk eta UAGNk mahai gainean zituzten merkataritza talde handiek 70 zentimobaino merkeago saltzen dituzten esneak. David Bariain UAGNk presidenteak salatu du Nafarroako etxaldeen «hiltzaile» direla halako prezioak, eta «bizpahiru hilabete» baino ez dutela iraungo, azkenaldiko produkzio kostuen ondorioz.

Egun, abeltzainek 32 eta 37 zentimo artean saltzen dute litroa esnearen hornidura katean. Fermin Gorraiz Nafarroako EHNEko presidenteak azpimarratu du pentsua %30 garestitu dela, eta, horri gaineratuz gero nabarmen igo zaiela erregaiaren edo argindarraren kostua, «galerak» dituzte esnearen ekoizpenean. Felix Barianek gaineratu du egoera «bideraezina» dela.

2020an, elikagai katearen legea sartu zen indarrean Espainian, ekoizlearengandik bezeroarenganainoko hornidura katean gehiegikeriarik egon ez zedin bermatzeko. Bi sindikatuek aldarrikatu dute Nafarroako Gobernuari dagokiola Nafarroan lege hori aplikatzeko ardura, eta esnearena adibide argia dela. Prezioen mahaira deitu dadila eskatu dute, eta bertan esne industria, abeltzainak, banaketa eta garraio sektoreak egon daitezela, bakoitzak bere kostuak mahai gaineratu eta prezioen duintasuna bermatu dadin.

Gorraizen arabera, urtean herritar batek 70 litro esne kontsumitzen ditu batez beste, eta eurek eskatzen dutena da 40 eta 42 zentimora igotzea industriak eta banaketak erosten dieten litroa. «Horrek esan nahiko luke 10 zentimo inguru igoko litzatekeela salneurria, eta, kate osoan esnea errentagarri izan dadin, herritar batek urtean zazpi euro gehiago ordainduko lituzke. Ez da inongo erokeria. Barneratzen erraza da», azaldu du.

Felix Bariainen arabera, arazo nagusietako bat da merkataritza talde handiek bezeroak erakartzeko baliatzen dutela esnea, eta batik bat marka zuriko esne markak merkaturatzen dituztela.«Marka horiek zuzenean abeltzainak eta esne ustiategiak erailtzen ari dira. Haien erruz, itxi egingo dira». Haren ustez, 70 zentimotik beherako esneak «zentzugabekeria handi bat» dira, eta ikuskatzaileek hori zaindu beharko lukete. Bariainek salatu du enpresa handi horiek gizarte erantzukizunaz hitz egiten dutela: «Gezur handi bat da hori. Legeak bete-betean zaindu beharko luke hori, eta Nafarroako Gobernuari dagokio egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.