EUSKAL PRESOAK

Sarek azaldu du Arrasateko martxan ez dutela presorik omenduko

PPk fiskaltzari eskatu dio Gipuzkoako herrian egitekoak diren mobilizazioaren kontra jotzeko.

Sarek irailaren 18an Arrasaten eginiko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 28a
13:31
Entzun

Sarek euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditu Urtezahar egunerako zenbait udalerritan. Arrasaten (Gipuzkoa), herriko presoak etxeratzeko eskatuko dute, eta haien artean dago Unai Parot. Covite, PSE-EE eta PP kexu azaldu dira, eta Sarek zehaztu du Arrasateko martxan ez dutela presorik omenduko: «Sarek ez du inolako martxarik ezta preso bakar baten aldeko inolako omenaldirik antolatu».

Ohar batean, plataformak azaldu du Arrasatekoa beste mobilizazio bat gehiago dela dozenaka herritan egingo dituztenen artean, eta hileko eta urteko azken ostiraletan egin ohi dituzten deialdiak direla, «espetxe politika honen ondorioz euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediaren» aurka egiteko: «Gure azken urteetako ibilbideari erreparatuz, argi dago guk sekula ez dugula presorik omendu; gure lana beti nabarmendu da salbuespen legediaren salaketaren, euskal presoen eskubideen aldeko defentsaren eta biktima guztiekiko errespetuaren, elkartasunaren eta babesaren arteko oreka uztartuz lan egiteagatik».

Hori dela eta, biktimei «sufrimendu erantsirik» ez eragiteko asmoz, Arrasateko Sarek egindako deialdian agertzen ziren herriko presoen eta iheslarien izenak kendu zituen atzo arratsaldean bertan, «sortutako gaizki-ulertua —nolabaiteko omenaldi bat egiteko asmoa— eta sortu zezakeen min gehigarri oro ekiditeko helburuz». Sarek gaineratu du «zinez sentitzen» duela «nahasmena eta sortu ahal izan duten oinazea: «Honek minik eragin badu, gure aldarrikapena egiteko moduan asmatu ez izana hausnartzen dugu». Era berean, gaineratu du lanean jarraituko dutela «salbuespen legeria» amaitu dadila eskatzeko, «elkarbizitzaren eta bakearen alde».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, ordea, Sorturi eta EH Bilduri mintzatu zaie: ohartarazi du «hiltzaileak txalotzea» eta haien ibilbidea «normaltzea» elkarbizitzaren «kontrako norabidean» doala: «Paroten moduko terrorista baten edo beste batzuen figura goraipatzeko edozein ekitaldik bizikidetzari kalte egiten dio, biktimei min ematen die, eta gure arbuioa merezi du».

Harago joan da Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea: fiskaltzari eskatu dio berehala mobilizazioaren kontra jo dezala, hura egin dadin galarazteko. Iturgaizek dio martxa «ezker abertzalearen pultsu bat» dela «Paroten moduko gaizkileak goraipatu eta kaleak erabiltzeko apologia terrorista egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.