Bizkaiko Foru Aldundia hasia da tramitatzen eukaliptoak lurraldean duen hedapena geldiarazteko eta espezie horren landaketa mugatzeko luzapena. Landu duten testuaren arabera, 2025eko abenduaren 31 arte mugatuko du eukaliptoaren landaketa, eta indarrean dagoen Mendien Foru Arauan txertatuko da, xedapen gehigarri gisa.
Testuak ezartzen duenez, xedapena indarrean sartu aurretik tramitatzen ari ziren, eta azkenik onesten diren eukalipto birlandaketak bakarrik baimenduko dira. Are, landaketa horiek egiteko epea 30 egun naturaletan amaituko da, betiere xedapena indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
Halaber, 2025eko abenduaren 31 arte eukalipto birlandaketak baimenduko dira bakarrik landatu nahi den lursailean aurretik espezie horrek nagusiki osatutako baso masa bat egon bada: landatutako espezieen %50 baino gehiago eukaliptoak badira, eta aurreko landaketek legedia errespetatu badute. Halere, ez da baimenduko eukaliptoarekin birpopulatu beharreko azalerak aurretik espezie horrekin landaturiko azalera gainditzea.
Aldundiak jendaurrean aurkeztu du testua, eta herritarrek aukera izango dute alegazioak aurkezteko. Gero, testua Bizkaiko Batzar Nagusietan tramitatzen jarraituko da, eta 2022ko lehen hiruhilekoan onartzea aurreikusten du aldundiak. Beraz, xedapen horren bidez, eukaliptoaren baso erabilera arautzeko eta haren hedapena geldiarazteko beharrezko lege euskarria ezarri nahi du aldundiak.