Ostegunean, 09:00etan osoko bilkura egingo du Iruñeko udalbatzak. Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziak kargua utzi ondotik, hutsune hori baliatu nahi izan du Enrique Maia Iruñeko alkateak, baina «jokaldi tranpatia gaizki atera zaio», Joseba Asiron EH Bilduko eledunaren arabera. Ostegunean bertan hartuko du kargua Garbiñe Buenok, eta ondoren 2022ko aurrekontu proiektua eztabaidatu eta bozkatuko da. PSNk kontra bozkatuko duela adierazi ondotik, atzera botako dira.
Gaur, prentsaurrekoan, Joseba Asironek azaldu du aurrekontu proposamena «errealitatetik kanpo» dagoela. Azaroan, Nafarroako udalen finantzaketa eredua aldatzeko EH BIlduk Nafarroako Gobernuarekin akordioa lortu ondotik, kexu azaldu zen Enrique Maia, hitzarmen horrek Iruñeari kalte egiten ziolako, eta hiriburu izateagatik finantzaketa galdu zuelako. Asironen arabera, argudio hori «kezko hesi bat» baino ez da, bere kudeaketa kaskarra ezkutatzeko.
Izan ere, PSNrekin batera onartutako aurtengo aurrekontuetan, 35 milioi euro inbertitzeko aukera zuen udalak, eta, EH Bilduren arabera, 13 milioi ez dira gauzatu. EH Bilduk kalkulatzen du %40 dela, eta Maiak berak onartu duela gutxienez %30 ez dela erabiliko. «Pandemiaren garaian gertatu da hori, hiriak beharrik handiena zuenean eta udalak gaitasun ekonomikorik handiena zuen garaian».
Hori gutxi balitz bezala, EH Bilduren ustez, inbertsioen kopuru handi bat Navarra Sumaren intereserako kontuetan eta polemika handia eragin duten proiektuetan erabili da: hala nola Gaztelugibeleko hipika lehiaketan, «euren lagunen intereserako Coworkids proiektuan», Txantrean zona urdina ezartzean, Arrosadian merkataritza gune handi bat sustatzean edo Labriteko pasabide «antzua bide aldiz ordaintzean».