Eusko Legebiltzarrean ez atzera ez aurrera dago estatus politiko berriari buruzko eztabaida. Iaz legealdia hasi zenetik, berriro eratu gabe dago Autogobernu Lantaldea. Berriki Vocento taldeko egunkariek argitaratu dutenez, EAJk ez du asmorik estatus berriari buruzko eztabaida berriro abiatzeko; EAJko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, alderdien artean eginiko bilera sortan, jeltzaleek ez dute gainerako alderdien artean «presa berezirik» nabaritu gaiari heltzeko, baina, EAJren arabera, horrek ez du esan nahi gaia baztertuko dutenik; «giro aproposago» baten zain, gaia mahai gainean izango dute gainerako taldeekiko harremanetan.
Gaur, ordea, EH Bilduk EAJri eskatu dio mahai gainean jar dezala estatus politiko berriaren inguruan daukan proposamena. «Guk gonbidapena egiten diogu EAJri. Jar dezala mahai gainean bere proposamena. Eta, hala, eztabaidatuko dugu eta herri honek aukera izango du hiru herrialdeetan hori egiteko», esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak: «2015. urtean Urkullu lehendakariak esan zuen estatus politiko berri baten kontsulta egingo zela, eta ia zazpi urte pasatu dira orduz geroztik. Joan den legealdian akordio bat geneukan EAJrekin, eta zati batean Podemosekin, oinarrien eta printzipioen inguruan». Otegiren esanetan, orain onartu egiten da adituen batzorde bat eratu zela oinarrien eta printzipioen akordioa «urardotzeko».
EH Bilduko buruzagiak salatu du interesa dagoela «herri honen anbizio politiko eta nazionala mugatzeko, horri errenuntzia egiteko, eztabaida Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen mugetara eramateko». Horren inguruan, nabarmendu du Euskal Herriak ez zuela konstituzio hori onartu: «Eztabaida bat egin behar da herri honek behar duenaren inguruan. Herri honek ezin ditu mugak jarri bere anbizio nazionalen esparruan, herri hobe bat egiteko tresnen inguruan».
Otegik beharrezkotzat jo du «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea», eta gogorarazi EH Bilduk idatzia duela bere proposamena: «Susmoa daukagu EAJ ez dela ausartzen bere proposamena mahai gainean jartzera». Era berean, ziurtzat jo du lurralde ereduaren inguruko eztabaida piztuko dela Espainiako Estatuan, eta testuinguruari erreparatu dio: «Eskoziak ziurrenik berriz ere bozkatuko du independentzia bai edo independentzia ez; Kataluniak irekita dauka mahai bat autodeterminazioari buruz hitz egiteko. Testuinguru horretan euskal herritarrok nolatan mugatuko dugu geure burua eta gure anbizio nazionala?».