EUSKAL PRESOAK

Presoen aldeko mobilizazioak egin dituzte Zaballan eta Martutenen

Sare herri mugimenduak antolatu ditu ekinbideak, eta euskal presoak Euskal Herriratzeko eta graduen progresioan aurrerapausoak emateko eskatu dute.

Zaballara bidean atera dute irudi bat. JOSU ESTARRONA
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 26a
13:24
Entzun

Martuneteko espetxetik Donostiako Epaitegira, eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik Zaballako espetxera (Araba). Ibilbide hori egin dute gaur bizikletaz Sare herri mugimenduak antolatutako mobilizazioetan parte hartu duten norbanako eta eragileek.

Jarrai dezagun etxerako bidea egiten lelopean antolatu dituzte ekinbideok, eta bi aldarri nagusi plazaratu dituzte bidean. Hala adierazi du Nahikari Iturbe Gipuzkoako Sare mugimenduko kideak: "Bi aldarrikapen nagusi zabaldu nahi ditugu: batetik, euskal presoen Euskal Herriratzeak berehalakoa behar duela izan; eta, bestetik, graduen progresioan aurrerapausoak emateko garaia ere badela".

Salbuespeneko espetxe politika amaitu beharra ere nabarmendu du; kasurako, "urruntze politika, gradu progresioen blokeoak eta preso gaixoak eta adinduak espetxean mantentzeko ahalmena ematen duen salbuespenezko politika". Horregatik, "pausoak emateko beharra" ikusten dutela esan du, eta haiek bidean jarraituko dutela, "bai gaur eta bai urtarrilaren 8an Bilbon egingo dugun manifestaldian".

Bizikleta martxak amaitzean, ekitaldiak egin dituzte bai Donostian, bai Zaballako espetxean. Donostian, adibidez, manifestazio bat egin dute bizikleta martxa epaitegira iritsi denean, eta Bulebarreko kioskoan amaitu dute. Irakurketa egin eta aldarriak amaitzean, trikiti doinuekin amaitu dute jarduna. Joseba Tapia igo da oholtzara, Leire Leturia Letu eta Kristina Aranzabe lagun zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.