Urtero bezala, Gabon gauean hitza hartu zuen Felipe VI.a Espainiako erregeak, Gabonetako hitzaldia emateko. Gaur iritsi dira alderdi politikoek hitzaldiaren gainean egindako lehen balorazioak; EAJ, EH Bildu eta Podemos haserre agertu dira. Alderdi Popularrak, ordea, erregeak konstituzioari emandako «babesa» goraipatu du.
Aitor Esteban EAJko diputatuak «nazio auzien sentimendua» eta lurralde auzia «existituko ez balira bezala» jokatzea leporatu dio erregeari. Felipe VI.ak esandako esaldi bat azpimarratu du Estebanek: «Esaldi bakar bat, oso laburra eta oso zehatza esan zuen, ordezkari instituzionalek garbitasun publikoaren eta moralaren eredu izan behar dutela adieraziz».Estebanen ustez, halako hitzek ez daukate sinesgarritasunik: «Halako esaldiak bere aitak ere errepikatzen zituen bere urteroko diskurtsoan, eta ikusi dugu zertan zebilen».
EH Bilduk ere eman du hitzaldiaren inguruko balorazioa. «Esan ez duenak garrantzi gehiago hartzen du esan duenak baino», adierazi zuen atzo Mertxe Aizpurua diputatuak. Salatu du Espainiako erregeak ez zuela errege etxearen inguruko ustelkeria kasuez hitz egin, eta, horren ordez, «gizatasunaz» eta «duintasunaz» hitz egin zuela. «Justu berak hori esateak ironia puntu bat dauka». Espainiako erregeak egin zuen beste aipamen bat ere azpimarratu zuen: «Nondik gatozen kontuan eduki behar dugula esan zuen erregeak, eta guk ondo dakigu nondik datorren monarkia hau: frankismotik».
Ahal Dugu-ko Juantxo Lopez de Uraldek ere azpimarratu du «diskurtso hutsa» izan zela erregearena: «Hitzaldiarekin, arrazoia eman zigun monarkia maldan behera doala pentsatzen dugunoi. Lehenago edo geroago, errepublika ezarriko da».
Carlos Iturgaitz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren presidenteak, ordea, adierazi du erregeak «konstituzioaren aldeko defentsa» egin zuela. Gaineratu zuen konstituzioaren sistema «hautsi» nahi duten horiek «beti galtzaile» irtengo direla.