Yon Troitiño, Gorka Lupiañez, Zigor Blanco eta Jose Mari Novoa presoak senideengandik gertuago daude, azken egunotan espetxez aldatu dituztelako, Etxerat erakundeak gaur zabaldu duenez.
Yon Troitiño Ciria preso politiko donostiarra Logroñoko espetxetik (Espainia, 170 km) Martuteneko espetxera (Donostia) hurbildu dute. Gorka Lupiañez Mintegi durangarra ere Logroñotik Martutenera hurbildu dute.
Zigor Blanco Santisteban Trapagarango (Bizkaia) presoa Villabonako espetxetik (Espainia, 385 km) Basauriko espetxera (Bizkaia) hurbildu dute.
Eta Jose Mari Novoa Arroniz gasteiztarra Leongo espetxetik (Espainia, 370 km) Zaballako espetxera (Araba) ekarri dute.