EAJk eta PSE-EEk Arabako Batzar Nagusietan duten gehiengoa baliatu dute 2022rako aurrekontuak onartzeko. Gasteizen, berriz, bi alderdi horietako zinegotzien botoez gain, Elkarrekin Podemosen abstentzioa bereganatu du udal gobernuak, hirugarren urtez jarraian. Arabakoak 574,4 milioi euroko aurrekontuak dira, aurtengoak baino %8,9 handiagoak. Gasteizkoak, berriz, 457,8 milioi eurokoak; %5,5eko hazkundea.
Arabako Batzar Nagusiek hilaren 15ean bota zituzten atzera EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, beraz, eztabaida lasaia izan dute gaur EAJk eta PSE-EEk. Halere, aldundiak nabarmendu du 947.000 euro balio duten hamabost zuzenketa txertatu dituztela proiektuan: EH Bilduren eta PPren hiruna, eta Elkarrekin Arabaren bederatzi.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hitzetan, aldundiak indar berezia egin du inbertsioak areagotzeko, eta horren erakusle da afera horretara bideratutako funtsak %28,7 hazi izana. Halere, gizarte politiketetarako izango da aurrekontuen zati handiena: 222 milioi euro Gizarte Ongizaterako Foru Erakunderako, 28,8 milioi euro enplegua eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko, eta 18,2 milioi euro klima larrialdiari aurre egiteko proiektuetarako.
Gasteizko Udalaren kasuan, oposizioarekin adostutako zuzenketek 3,5 milioi balio dute. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetatik, Arabakoa da EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoz kontrolatzen ez duten bakarra. Beraz, ezinbestekoa izan zaio Elkarrekin Podemosekin akordio bat ixtea, koalizioko hiru zinegotzien abstentzioa lortzeko. Denera, 30 zuzenketa adostu dituzte, Gasteiz «sozialago, feministago eta berdeago bat» lortzeko.