Aurrekontuak

Nafarroako Parlamentuak 2022ko aurrekontuak onartu ditu

Navarra Sumak aurkezturiko zuzenketa guztiak atzera bota dituzte

Ezkerrean, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, gaurko bilkuran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 23a
13:10
Entzun

Nafarroako Parlamentuak 2022ko aurrekontuak onartu ditu, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Navarra Sumak kontrako botoa eman du. Orotara, aurrekontu egitasmoak aldeko 23 boto jaso ditu, kontrako hogei boto eta zazpi abstentzio. Hiru parlamentariok modu telematikoan eman dute botoa.

Navarra Sumako bozeramaile Maria Jesus Valdemorosek gogor kritikatu ditu aurrekontuak, eta esan du horren tramitazioan ez dela eztabaidarik egon. «Dena aldez aurretik erabakita zegoen, eta atzera bota dituzte aurkeztu ditugun 353 zuzenketak, aldez aurretik horrela idatzita zegoelako».

«Inposizioa, zorroztasun eta koherentzia falta» leporatu die Valdemorosek Gobernua osatzen duten indarrei: «Zuek ezkutuko itun bat zeneukaten itzalean dagoen zuen bazkidearekin, EH Bildurekin, eta hori lehenetsi duzue». Haren ustez, EH Bilduk ez du «gobernatzearen higadura» nozitzen, baina «erabaki garrantzitsu guztiak baldintzatzen ditu».

Navarra Sumaren arabera, gobernatzeko modu hori «garestia» da: «Aurrekontu handia aurrekontu ona balitz bezala aurkeztu nahi duzue, baina zuen asmo bakarra da bazkide guztiak pozik uztea eta elkarri traba ez egitea, horretarako gastua handituz».

Gobernua sustatzen duten indarrek, berriz, esan dute aurrekontuak beharrezkoak direla, eta nabarmendu dute bost indarren arteko negoziazioaren emaitza izan direla. PSNko Ramon Alzorrizek, esaterako, Navarra Sumari gogorarazi dio UPN gobernuan zegoenean ez zutela oposizioaren zuzenketa bakar bat ere onartzen, eta erantsi du «Navarra Sumak negoziazioari eman zion danbatekoarekin» hasi dela aurtengo aurrekontuen prozesua.

«Orain beste aukera bat dugu enpleguari bultzada emateko, eta zerbitzu publikoak sendotzeko», esan du Alzorrizek. «Aurrekontuak horretarako tresna dira. Gakoa ez da kritikatzea, irtenbideak ematea baizik, eta aurrekontu hauek hori egiten dute».

Geroa Baiko Mikel Asiainek azaldu du aurrekontuek «gabeziak» dituztela, baina, hala ere, baiezko botoa eman behar ziotela: «Negoziazioari ekin diogu, eta akordio bat lortu dugu». Valdemorosi esan zion bi modu zeudela aurrekontuen prozesuari ekiteko, «hutsaltasuna» edo »negoziazioa», eta Navarra Sumak lehenengoa aukeratu duela.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek ere Navarra Suma hartu zuen bere hitzaldiaren jomugatzat: «Arrazoi duzue esaten duzuenean ez dela eztabaidarik egon: zuen aldetik bakarrizketa baino ez da egon». «Politika fikzioan» aritzea eta «ekarpenik» ez egitea leporatu die, eta nabarmendu du aurrekontuak ez direla talde bakar batenak, bost indarren arteko negoziazioaren fruitua baizik. Antzeko ideia eman du Ezkerra taldeko Marisa de Simonek, baina kritikoago agertu da: aurrekontuak «beharrezkotzat» jo arren, «anbizio falta» egotzi dio Gobernuan dauden indarrei, batez ere zerga arloan.

EH Bilduren ekarpenak

Navarra Sumaren harridura ikusirik, EH Bilduko Bakartxo Ruizek esan du ez dela «ezustekorik» izan: «Azaroaren 5etik gauza jakina zen akordio bat zegoela EH Bildurekin, eta gero bost indar politikok zuzenketak negoziatu ditugu. Alde horretatik, ez dago harritzeko motiborik». Haren ustez, EH Bilduk egindako ekarpenak «nabarmen» hobetu dute hasierako proiektua zenbait arlotan: zerbitzu publikoetan, lurralde kohesioan eta herritarren eskubideetan.

Ruizek erantsi du aurrekontuetan badaudela gustatzen ez zaizkien kontuak: «Anbizioa falta dela uste dugu, eta abstentzioa emango dugu». Edonola ere, nabarmendu du apurka-apurka «murrizketen agintaldiei buelta» ematen ari zaizkiela: «Oraindik urrun gaude benetako eraldaketa batetik, baina badakigu bidea egiten ari garela, eta hori norabide onean den bitartean, gu han egongo gara».

Erantzunen txandan, Valdemorosek eta Ruizek ika-mika izan dute: Navarra Sumako ordezkariak esan du haiek ez doazela inora «Nafarroaren nortasuna urardotu nahi duen alderdi batekin», eta Ruizek ihardetsi dio iaz Navarra Sumak iaz «kontsolazio saria» izan zuela, behintzat Iruñeko Udalaren aurrekontuak aurrera ateratzea lortu zuelako, baina aurten ez dutela hori ere lortuko, eta Olentzerok «ikatza» ekarri diela.

Bozketa nagusia egin aurretik, zenbait zuzenketa ere bozkatu dira, horietako batzuk azken orduan ahoz aurkezturikoak. Navarra Sumak aurkeztutako guztiak atzera bota dituzte, gainerako talde guztien kontrako botoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.