Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak baditu 2022rako aurrekontuak

EAJren eta PSE-EEren gehiengoak zabaldu dio bidea Eusko Legebiltzarrari aurrekontuak onartzeko. Oposizioak salatu du ez dietela erantzuten egungo beharrei.

Urkullu eta Azpiazu Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 23a
12:58
Entzun

Ez da gidoi aldaketarik izan Eusko Legebiltzarrean. Ganberak atzera bota ditu Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk aurkeztutako zuzenketa partzialak, eta ontzat jo ditu Eusko Jaurlaritzaren 2022rako aurrekontuak. Oposizioko alderdiek adierazi dute ez dietela erantzuten herritarren beharrei, baina EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak aise onartu ditu. EH Bildu, berriz, abstenitu egin da, gobernuarekin egindako akordioa dela medio.

Denera, 13.108 milioi euroko aurrekontuak dira, aurtengoak baino %6 handiagoak. Hala, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak adierazi du ahalik eta baliabide gehien erabiliko dituztela pandemiari aurre egiteko. Horrez gain, nabarmendu du 1.605 milioi euro bideratuko dituztela inbertsioak egiteko, Europatik irits daitezkeen diru laguntzen esperoan. Sailen arteko banaketari dagokionez, Osasun eta Hezkuntza sailek izango dituzte funts handienak; 4.352 milioi eurokoa lehenak, eta 3.235 milioikoa bigarrenak.

Jaurlaritza babesten duten bi alderdiak «harro» daude aurrekontuez. Oposizioaren kritikak direla eta, EAJko legebiltzarkide Itxaso Berrojalbizek azaldu du «herritarren beharrak» jarri dituztela alderdien nahien gainetik, eta nabarmendu du «hamar eurotik ia zortzi» gizarte politiketara bideratuko direla, «pertsonak zaintzeko eta babesteko» asmoz. PSEko Sonia Perezek, berriz, inbertsio publikoen aldeko apustua defendatu du, hala nola I+G+B alorrerako aurreikusi diren funtsak gogora ekarrita. Hala, azaldu du egungo krisi egoerari «lehiakortasunaren bidetik» erantzungo diotela.

Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentariak uste du Jaurlaritzaren aurrekontuak ez direla egungo erronkei aurre egiteko modukoak, baina, «ziurgabetasun handiko garai batean», herritarren beharrei erantzuteko asmoz jokatu duela EH Bilduk. Osakidetzako lehen arretarako funtsera 30 milioi gehiago bideratzeko akordioa jo du horren adibidetzat, ezinbestekoa delakoan osasungintzaren egoerari aurre egiteko: «Osakidetza larrialdiei eta COVID-19ari erantzuteko erakunde bihurtu da».

Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategik ere osasungintzaren egoera izan du hizpide. Osakidetzako langileek atzo eginiko protesta gogora ekarrita, «ezinbestekotzat» jo du haien lan baldintzak hobetzea: «Herritarren osasunerako eskubidea bermatzeko». Hala, kritikatu egin du berriz ez kontratatzea azken hilabeteetan kaleratutako behin-behineko 4.000 osasun langileak, koalizioak negoziazio saioetan eskatu bezala: «Irrealtzat jo zuten, baina beharrezkoa da». Hezkuntzarako funtsen inguruan, berriz, ikastetxe publikoak «erdigunean jartzeko aukera» galdu izana leporatu dio Gorrotxategik Jaurlaritzari, eta segregazioari erantzunik ez ematea. Hortik aurrera, gizarte gaietan hainbat murrizketa egingo direla salatu du: «Makillatu daitezke murrizketak, baina asmoa argiki adierazi da». Izan ere, Jon Hernandez parlamentariaren hitzetan, enpresa pribatuetan «gero eta diru gehiago» jartzen da, eta horrek «prekaritatea» dakarkie langileei.

PP+Cs-k arlo ekonomikoan jarri du begirada, osoko zuzenketen inguruko eztabaidan egin bezala. Luis Gordillo parlamentariak erreforma fiskal bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, enpresariak eta autonomoak «ahaztu» izana leporatu dio Azpiazuri, eta zergak txikitzeko exijitu: «Galdutako beste aukera bat dira aurrekontu hauek». Era berean, gastuak murrizteko ere eskatu dio gobernuari, besteak beste atzerriko ordezkaritzetan, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko planetan eta EITBren aurrekontuetan.

Voxeko Amaia Martinez urrunago joan da, eta euskara sustatzeko neurri oro bertan behera uzteko eskatu du; besteak beste, egungo hezkuntza ereduari amaiera emateko eta ETB ixteko, «telebista sektariotzat» jo baitu. Izan ere, Martinezek «Espainiatik aldentzeko» asmoa duten aurrekontutzat jo ditu 2022rako prestatutakoak.

Negoziazioak hizpide

Aurrekontuen nondik norakoak ez ezik, Jaurlaritzak eta EH Bilduk adostutako akordioa ere protagonista izan da. Koalizio subiranistak sei konpromiso politiko eta beste horrenbeste ekonomiko proposatu zizkion Jaurlaritzari, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren lantaldeak horietako zortzi onartu zituen. Berrojalbizen hitzetan, Jaurlaritzak adostasunak iristeko duen konpromisoaren erakusgarri da hori. Era berean, EH Bilduren jarrera ere eskertu du, eta nabarmendu hura izan dela «aurrerapausoa emateko gai izan den bakarra», aurrekontuak «hobetzeko» modua emanda.

EH Bilduren izenean, berriz, Kortajarenak azaldu du «elefantea mugitzea» lortu dutela akordioarekin, eta «eztabaida politiko» bihurtzea aurrekontuen inguruko negoziazioak: «Beharbada hasi dira ulertzen herri honen erronkek elkarrizketa zabalak behar dituztela». Izan ere, legebiltzarkideak adierazi du hurrengo urteetan «aldaketa sakonak» iritsiko direla, eta urratsak egitea dela lehentasuna: «Ezohiko egoerek ezohiko erantzunak eskatzen dituzte». Halere, hainbat afera elkarrizketetatik kanpo utzi izana kritikatu dio gobernuari; besteak beste, erreforma fiskal bat egiteko aukera.

Gorrotxategik, baina, oso bestelako ikuspegia du akordio horretaz. Koalizio subiranistaren jarrera «epe laburreko mugimendu taktizista bat» dela salatu du, eta «kalkulu elektoralak herritarren eskubideen gainetik» jarri izana leporatu dio: «Murrizketekin ados daudela erakutsi dute». PP+Cs-k, berriz, gobernuari gaitzetsi dio jokabidea, eta kezka adierazi du EH Bildurekin osatutako «gehiengo berriak» politika ekonomikoetan izan ditzakeen eraginengatik.

Jeltzaleen eta sozialisten ustez, baina, PPren eta Elkarrekin Podemos-IUren jarrera izan da akordio bakarra EH Bildurekin egin izanaren erantzule, haiei leporatu baitiete zuzenketa gehiago txertatu ez izana. Perezen esanetan, Elkarrekin Podemos-IUk «aukera garrantzitsu bat» galdu du, eta egindakoa «murrizketak salatuz» justifikatu nahi du: «Baina badakite ez dela halakorik». Hala, Perezek gogoratu du proposamenak egin zitzaizkiola koalizioari, besteak beste lehen arretako zerbitzuak hobetzeko, haur eskolen matrikulak merkatzeko, eta alokairu sozialetarako diru sarrera gehiago bideratzeko. PP+Cs-ri dagokionez, berriz, Berrojalbizek leporatu dio «konfrontaziora» bideratutako «diskurtso huts bat» duela; Perezek, berriz, «proiektu alternatiborik» ez duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu