Navarra Sumari ez zaio nahi bezala atera jokaldia. Aurrekontuak onartzeko osoko bilkura hilaren 30ean egitekoak dira Iruñeko Udalean, eta, itxura guztien arabera, Navarra Sumak osatutako udal gobernuak ezingo ditu onartu aurrekontuak. Enrique Maia alkatearen asmoa zen baliatzea oposizioak ordezkari bat gutxiago duela Joxe Abaurrea zinegotziaren ordezkoa izendatu arte, aurrekontuen bozketan berdinketa behartu eta, alkatearen kalitatezko botoa erabilita, kontuak onartzeko.
Abaurrea ordezkatuko duen zinegotzia Garbiñe Bueno izango da, eta, EH Bilduk jakinarazi duenez, haren kredentzialak iritsi dira. Espainiako Hauteskunde Batzordeak Iruñeko Udalera igorri ditu, eta, hala, Buenok kargua hartu ahal izango du; garaiz bihar zortziko bozketan parte hartzeko.
Buenok kargua hartuta, oposizioko indarrek gehiengoa izango dute berriro Iruñeko Udalean; EH Bilduk zazpi zinegotzi ditu, PSNk bost eta Geroa Baik bi. Hamalau guztira. Udal gobernuak, berriz, Navarra Sumako hamahiru zinegotzien babesa dauka. 2019ko ekainean, PSNren abstentzioak ahalbidetu zuen Maiak alkatetza berreskuratzea, eta sozialistek eurek ahalbidetu zuten iaz Navarra Sumaren udal gobernuak kontuak onartu ahal izatea. Orain, ordea, kontrako botoa emango duela jakinarazi du.
«Gaurtik aurrera, ateak irekiko dira aurrerapen indarren arteko ulermena berreskuratzeko, Iruñako kudeaketa hobetzeko. Hori da gakoa», nabarmendu du EH Bilduk ohar batean: «EH Bilduk bermatzen du Maiaren kontuak atzera botako direla eta alkateak ezingo duela inposatu aurrekontuak aurrera ateratzeko prestatzen ari zen putxerazoa, hautestontzietatik sortutako gehiengoen sistemari kasu egin gabe».
Joseba Asiron indar subiranistako zinegotziak ohartarazi du auzia ez zela kredentzialak ailegatu ala ez, baizik eta Maia alkatea prest zegoela «ordezkaritza demokratikoaren irizpidea hausteko, gehiengoak baztertzen dituen aurrekontuak inposatzeko». Geroa Bai prest agertu zen zentsura mozio bat bultzatzeko Maiak bere asmoan aurrera egiten bazuen.