Pedro Sanchezek Espainiako autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzian jakinarazi duenez, kalean maskara jartzera derrigortuko du Espainiako Gobernuak berriro. Hala proposatu die presidenteei hitza hartu duenean, eta esan du bihar ezohiko ministro kontseilu batean onartuko dutela, lege dekretu baten bidez. Sanchezek iluntzean egin duen agerraldian omikron aldaerarekin lotu du neurri hori, errazago kutsatzen delako, eta ekiteko beharra aipatu du.
Maskara derrigorrez erabiltzeko aginduak salbuespen batzuk izango ditu, Sanchezek azaldu duenez. Kirola egitean edo espazio naturaletan (mendia eta hondartza aipatu ditu Sanchezek) kendu ahal izango da, bakarrik edo bizikideekin egonez gero. Jarduera horietako batean bizikide ez den norbaitekin egonez gero ere ez da derrigor jarri beharko, baldin eta metro eta erdiko distantzia gordetzen bada.
Maskara aire zabalean derrigorrez jartzeko agindua indarrean izan zen Hego Euskal Herrian iazko ekainetik aurtengo ekainaren 26ra ere, eta Sanchezek esan du berriro ezarrita positibo kasuen gorakadari aurre egitea espero duela. Azken egunetan, baina, hainbat adituk azaldu dute ez dela neurri eraginkorra. Horien artean dago Ana Galarraga Aiestaran; Elhuyarreko zientzia komunikatzaile eta BERRIAko kolaboratzaileak neurri hori zientziaren kontrakotzat jo du txio batean, Espainiako Gobernuaren erabakiaren berri izan ondoren:
#COVID19 Aire librean eta bakarrik edo nahikoa tarte utzita maskara janztera behartzea:
— Ana Galarraga Aiestaran (@AnaGalarraga1) December 22, 2021
â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŒantizientifikoa da
â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŒetsigarria eta amorrugarria
â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŒbidegabea arduraz jokatzen dugunonTZAT, uko egiteagatik zigortzen bagaituzte
â;Â;—ï¸;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂGogoratu: HIRUTIK BI
- aireztapena
- maskara
- distantzia pic.twitter.com/CWVUDw3DPL
Seigarren olatuko kasu positiboen gorakadari aurre egiteko neurri gehiago hartu nahian antolatu zuen Madrilek gaurko bilkura. Maskararen aginduaz gain, Sanchezek adierazi du Espainiak militarrekin indartuko dituela txertaketa taldeak, eta Espainiako armadaren ospitaleetan zibilak hartuko dituztela. Osasun zentro publiko eta pribatuetan erretiroa hartua duten edo aurretik erretiratuta dauden osasungintzako langile ohiak kontratatzeko aukera ere emango du Espainiako Gobernuak; horiek ez dute euren prestakuntza galduko. Titulua Europako Batasunetik kanpo lortu zutenen kontratazioa ere erraztuko du. Gainera, kasu positiboak atzemateko, farmazietan salgai jarriko dituzte profesionalen erabilerarako antigeno testak. Neurri horiekin, osasun sisteman seigarren olatuak eragin duen gainkarga arindu nahi du Sanchezek.
Ikusi gehiago:Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» dela salatu dute sindikatuek
Txertaketaren inguruan hainbat helburu jarri ditu Sanchezek gaur: urtea amaitu aurretik 60 eta 69 urte bitartean dutenen %80 hirugarren dosiarekin txertatuta egotea; eta portzentaia berean eta hirugarren dosiarekin, 50 eta 59 urte bitartean dutenak urtarrilaren 24rako, eta 40 eta 49 urte bitartean dutenak martxoko lehen hasterako. Haurren txertaketaz esan du otsailaren 7rako 5 eta 11 urte artekoen %70 lehen dosiarekin txertatuta egotea nahi duela, eta portzentaia berean bigarren dosiarekin apirilaren 18rako.
Sanchezek baieztatu du positibo eman duen batekin harreman zuzena izan dutenek ez dutela konfinatu beharko txertaketa pauta osoa hartua badute, ezta omikron aldaera bada ere, eta txertaketa ziurtagiriak bederatzi hilabeteko iraupena izango duela otsailaren 1etik.
Urkulluren proposamena
Zazpi erkidegotako presidenteek eskatua zioten publikoki aurretik Sanchezi maskara derrigorrez jartzera behartzeko (iluntzeko agerraldian esan du gehienen eskaera zela), eta horien artean dago Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Aste honetan, Urkulluk premiazkotzat jo du aire zabalean maskara nahitaez jartzeko agindua.
Espainiako erkidegoetako presidenteen bileran izan dira Urkullu eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Eusko Jaurlaritzak aurretik jakinarazi du zer proposamen eraman duen Urkulluk. Gabonetan aisialdiarekin lotutako neurri murriztaileak har daitezen eskatu du, eta horietako batzuk eta beste zenbait urtarrilaren 31ra bitartean indarrean egon daitezela.
Espainako Gobernuak, ordea, ez ditu neurri horiek bere egin, eta lehendakariak gero jakinarazi du oraingoz berak ere ez dituela neurri horiek hartuko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horretarako eskumena izan arren, ez dagoelako Espainian horien inguruan jarrera bateratu bat. Lehendakariak Sanchezi lurralde arteko «plan sendo bat» eskatu dio, erkidegoen guztietarako, seigarren olatuari eman beharreko erantzuna bateratzeko.
Urkulluren proposamena
Urkulluk ostalaritzako establezimenduen eta komertzioen ordutegiak mugatzea proposatu du ospakizun egunetan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n; eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Ostalaritzako establezimenduek egun horietan 21:00etan ixtea nahi du Jaurlaritzak. Horrez gain, urtarrilaren 31ra arte tabernetan zutik kontsumitzea debekatu nahi du Jaurlaritzak, eta gehienez ere hamar lagun elkartzea. Abenduarena 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean salbuetsita geratuko lirateke jatetxeak, eta 23:30ak arte irekita mantentzeko aukera izango lukete. Ordu mugatik kanpo geratuko lirateke gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak. Ez, ordea, hotelak, landetxeak apartamentuak eta gisakoak. Horietan ere 23:30era arteko tartea izango lukete afariak emateko.
Gainera, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an komertzioek eta ostalaritzako establezimenduek ezingo lukete zabaldu 08:00ak baino lehenago. Neurri horrek ez lieke eragingo gasolindegiei, zerbitzuguneei, farmaziei, ezta hoteletako jatetxeei ere.
Bestalde, asteon Eusko Jaurlaritzak Eguberrietarako emandako gomendioen ildo beretik, Urkulluk nahi du Gabonetako ospakizunetako bilkuretan gehienez ere hamar lagun edo bi familia unitate elkartzea. Neurri hori gomendioa izan dadin proposatu du.
Urkullu, neurriak luzatzearen alde
Urkulluk ez du nahi neurriok Gabonetara mugatzea, ordea, eta 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago dituzten herrietan neurri horietako batzuk urtarrilaren 31ra arte indarrean izatea. Espresuki Eguberrietarako onartzea nahi duen neurriez gain, beste zenbait hartzea ere nahi du, aire zabalean maskara jartzera derrigortzeaz gain: establezimendu komertzial, sozial eta kulturalak gehienez ere 1:00ak arte zabalik izatea eta leku itxien edukiera gehienez ere %60koa izatea.
Kirol eta kultur jarduerei dagokienez, berriz, leku itxietan gehienez ere 600 lagun biltzea jasotzen du Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenak, eta 800, kanpoaldeetan. 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten lekuetan 800 lagun bildu ahalko lirateke gehienez espazioa itxia den kasuetan, eta 1.200, kanpoaldean dagoenetan. 5.000 lagun edo gehiagoko espazioetan, aldiz, edukiera %50ekoa izango litzateke gehienez.
Txibite, ziurtagiriaren erabilera handitzeko asmoz
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak konferentzian iragarri du txertaketa ziurtagiriaren erabilera leku gehiagotara hedatzeko asmoa duela, nahiz eta gaur Nafarroako Auzitegi Nagusiak baztertu egin du zahar etxeetara sartzeko ziurtagiria galdegiteko gobernuaren eskea. Gainerakoan, ados agertu da Txibite aire zabalean maskara derrigortzeko aginduarekin, beti ere nekazal inguruetako ibilbideetan, pilaketarik gabeko espazioetan eta aire zabaleko kirol ekitaldietan (Sanchezek gero iragarri duen moduan) kendu badaiteke. Lehendakariak txalotu egin du erretiroa hartua duten profesionalak kontratatzeko aukera.