Bizkaiko bulego garbitzaileen grebak

«Ez gara ikusezinak: hemen gaude!»

Patronalarekin 11 aldiz bildu ondoren, Bizkaiko bulego garbitzaileak lan hitzarmena berritu gabe daude oraindik. IMQko garbitzaileen auziak epaitegietan amaituko du ziur asko.

Oskar Matxin Edesa / FOKU. MANIFESTAZIOAN PARTE HARTU DUTEN GARBITZAILEAK IMQK BILBON DITUEN BULEGOETAKO BATEN AURREAN.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 22a
14:20
Entzun

«COVID-19aren garaian, txalo egiten ziguten. ‘Zuengatik ez balitz, ezingo genuke aurrera egin’, esaten ziguten, eta orain hau egin nahi digute. Eta gure ordez, prest ez dagoen jendea sartuko dute». Mari Carmen Regueirok (48 urte) ez du ezkutatzen haserre mintzo dela. 17 urte daramatza garbitzaile lanetan IMQk Bilbon dituen kliniketan, eta hilaren 31n kontratua etengo diote. Haren ahizpa Sarak 53 urte ditu, eta 27 daramatza IMQn. «Erretiroa bertan hartuko nuela sinetsita nengoen. Kolpe gogorra izan da. Gure lankide bati bihotzekoak eman zion, eta zaintza berezietan egon da. Litekeena da epaitegian amaitzea, eta buelta ematea espero dut. Subrogazioa horretarako dugu; nik lau garbiketa enpresarentzat egin dut lan IMQn».

IMQk kaleratu nahi dituen 90 garbitzaileetako bi dira Regueiro ahizpak —85 gizon eta 5 emakume kaleratu nahi dituzte guztira—. Abenduan 31n amaitzen da Gizatzen enpresarekin duen akordioa, eta garbitzaile propioekin hasi nahi du. Haiek trebatzen hasia da dagoeneko. «Esaten dute ez garela egokiak, gaixo baimen asko hartzen ditugula, garestiak garela... Garestiak? 1.040 euro irabazten ditugu, eta epaitegian irabazitako gehigarriak. Pentsa, 2021ra arte arrisku plusa ukatzen ziguten. Berriak horrelako eskubiderik gabe sartu nahi dituzte», azaldu du Regueirotar gazteenak. Langileek, dena den, beste arrazoi bat ikusten dute IMQko zuzendaritzaren erabakiaren atzean. Egun klinikak saltzeko prozesu betean daude, eta hura merkatzeko modu bat izan daitekeela uste dute.

Garbitzaileak greba mugagabean daude hilaren 7ik, baina jaurlaritzak %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituenez, ez da nabaritzen. «Klinika ezin txukunago dago, goitik behera. Eta zerbait hautsi dugula diotenak gezurretan ari dira. Are gehiago, lehen baino lan gehiago egiten dugu, besteak beste erretiluak-eta jaso behar ditugulako, berez gure lana ez dena», zehaztu dute ahizpek. Grebalarien auzia ELA sindikatuak darama, eta, haren ustez, lan hitzarmen propio bat eskatu zuen langile multzo bati jazartzea da zuzendaritzaren motibazioa. Erlojupean dabiltzan arren, enpresari ez diote ikusten akordio borondaterik. «Guk subrogazioa eskatzen dugu. Dauzkagun erreminta guztiak erabiliko ditugu», azaldu du Janire Ornes ELAko ordezkariak.

ELAk, LABek eta ESKk Bizkaiko bulego garbitzaileen lan hitzarmena berritzeko negoziazioen egoera salatzeko antolaturiko manifestazioan, IMQko langileak izan dira protagonista nagusiak. «Ez gara ikusezinak: hemen gaude», izan zen gehien errepikatutako oihua. 11.000 langileri eragiten dien itun bat da, eta gehien-gehienak emakumezkoak dira. «11 aldiz bildu gara, hilabetean behin egiten diren bileretan. Patronalari asko kostatzen zaio mugitzea. Enpresen erdien bulegoak Madrilen daude, eta ez dute ulertu nahi zer bizi maila dagoen Bizkaian», azaldu du Itsasne Nuñez LABeko ordezkariak.

Sindikatuen arabera, negoziazio mahaia blokeatuta dago. Jasotako azken eskaintza 2021ean KPIa %0,5 igotzea da, eta %2 2021erako. Haiek, baina, hobekuntza gehiago nahi dituzte. Manifestazioko pankartan «1.200 x 15» irakurtzen zen, soldatari erreferentzia eginez, eta kaleko garbitzaileen aldean dagoen 6.000 euroko soldata arrakala amaitzea nahi dute. «Ezin dugu sinatu langileak are gehiago pobretuko lituzkeen akordiorik. Konpondu ezean, mobilizazio gogorragoak etorriko dira», du Nuñezek.

BIZKAIKO GARBIKETA GATAZKEN EGOERA:

IMQ: Urtarrilaren 1ean, 90 garbitzaile ordezkatuko dituzte, antzinatasun eta gehigarririk gabeko beste 90ekin. Enpresak ez du sindikatuekin negoziatu nahi, eta haiek ziurtzat jotzen dute auziak epaitegietan amaituko dutela. Urte berriarekin ez dira amaituko mobilizazioak.

Guggenheim museoa: Garbitzaile gehienek 195 egun daramatzate greban. Zerbitzua ematen duen Ferrovial enpresarekin hainbat bilera egin dituzte, baina egoera “hotz” dago. Sindikatuen ustez, jarrerak urrun daude. Ferrovialek dio museotik jasotzen duenarekin ezin duela gehiago eskaini. ELAk uste du Guggenheimeko patronatua mugitu ezean zaila izango dela korapiloa askatzea.

Deustuko Unibertsitatea: Garbitzaileek 60 egun daramatzate mobilizatzen, eta 11 greba egun egin dituzte. Momentuz ez da bilerarik egin unibertsitateko zuzendaritzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.