Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» dela salatu dute sindikatuek

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan bildu dira, eta osasun langileen «lan baldintza prekarioak» salatu dituzte.

Osasun langileak, Donostiako Amara Berri osasun zentroaren kanpoaldean. BERRIA
Oihane Puertas ONA
2021eko abenduaren 22a
13:22
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan bildu dira sindikatuak. Elkarretaratzeak egin dituzte, eta Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» dela salatu dute. Donostian, adibidez, Amara Berri osasun zentroaren kanpoaldean bildu dira sindikatuak eta osasun langileak, eta nabarmendu dute «baliabide gehiago» behar dituztela. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia.

Pandemiak are gehiago tenkatu ditu

Ohar bateratu bat plazaratu dute salaketa guztiak xehatuz, eta egoera «jasanezina» dela nabarmendu dute idatzian ere, «bai langileentzat, bai herritarrentzat». Gaineratu dutenez, pandemiak «are gehiago tenkatu du lehen ere hilzorian zegoena», haien ustetan, arazo horiek ez baitira berriak. Are, «egiturazkoak» direla azpimarratu dute, eta egun nagusi den osasun egoera latza baino «askoz ere sakonagoak eta zaharragoak» direla.

Halaber, oharrean nabarmendu dute pandemia bera aitzakia bihurtu dela kolektiboaren lan baldintza oinarrizkoak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia «are gehiago prekarizatzeko», Osakidetzan «murrizketa gehiago aplikatzeko» eta pazienteak «osasun publikora iritsi daitezen zailtzeko».

Horrekin batera, azaldu dute osasun langileak seigarren olatu bati aurre egiten ari direla, nola, eta inongo «baliabiderik, antolaketarik eta plangintzarik gabe». Horri, gainera, dagoeneko pilatuta duten zama ere gehitu behar zaiola esan dute. Horregatik, lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen jarraitzeko estrategia bat galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.