Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera atera ditu 2022rako aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Denera, 1.042 milioi euroko balioa izango dute kontuek; iaz baino 59 milioi gehiago. Lehen aldiz, gainera, oposizioko talde guztiekin adostu dituzte zuzenketak. Horiek 7,6 milioi euro balio dute, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok azaldu duenez; iazko zuzenketen batura 1,5 milioi euro ingurukoa izan zen.
«Pandemia egoerari aurre egiteko» aurrekontu bat da onartu berri dutena, Olanoren hitzetan, «ziurgabetasun» egoera betean «egonkortasuna» bermatuko duena: «Anbizio handikoa». Hala, legealdiko kontu garrantzitsuenak direla azpimarratu du, «osasun, gizarte eta ekonomia krisi bati» erantzuteko prestatu dituztelako. Kopuruetatik harago, baina, oposizioko alderdiekiko harremanetan eman diren «aurrerapausoak» nabarmendu ditu ahaldun nagusiak. Izan ere, aurrekontuen aurka bozkatu duten arren, gobernuak talde parlamentario guztiekin itxi ditu akordioak, 31 guztira: «Gehiago nahiko nuke, baina irakurketa positiboa da».
Hala, EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirrek gogoratu du koalizio subiranistak hamahiru zuzenketa adostu dituela Gipuzkoako Aldundiarekin, eta «horri esker» 7,3 milioi euro gehiago jarriko direla, enpresa txikiei trantsizio ekologikoan laguntzeko eta gizarte politiketan inbertitzeko, besteak beste. Zuzenketa horietako lau Elkarrekin Podemosekin partekatu ditu koalizio subiranistak, eta beste bat PPrekin. Horiez gain, Elkarrekin Podemosek beste zazpi adostu ditu gobernuarekin, eta PPk hamar. Halere, Izagirreren iritziz, gobernua ez da saiatu «adostasun sakonik» lortzen, eta aurrekontuak «eskasak» dira, hala nola fiskalitatearen alorrean: «Ez diete ausardiaz eta egoerak eskatzen duen arduraz erantzuten gure lurraldeak dituen erronka nagusiei».