Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutako soziometroaren arabera, independentziaren aldekoak %23 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Maiatzaz geroztik bi puntu egin du gora aldekoen kopuruak. Egoeraren arabera euskal estatu baten alde edo kontra leudeke %32, eta edozein kasutan kontra %40.
Gainera, hamarretik zazpi nahikoa edo oso ados daude erreferendumak metodo ontzat jotzearekin gai politiko garrantzitsuak erabakitzeko. Portzentajea 2018ko ia bera da.
Sinpatia politikoez galdetuta, soilik EAJk gainditzen du 5 puntuko langa; 5,2ko balorazioa du. Baloraziorik onenetan bigarrena duen alderdia PSE-EE da, 4,4 batekin, eta EH Bildu hirugarrena, 4,0 puntu jasota. Elkarrekin Podemos-IUk 3,9 ditu, PPk 1,7 eta Voxek 0,7. Urriaz geroztik ez dago aldaketarik. Buruzagi politikoei erreparatuta, berriz, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari (EAJ) 5,5 puntu ematen dizkiote, eta EH Bilduko Maddalen Iriarteri, 5,3. Bostetik behera daude PSE-EEko Idoia Mendia (4,8), Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategi (4,6), Voxeko Amaia Martinez (2,6) eta PPko Carlos Iturgaiz (2,0).
Gaika galdetuta, herritarren erdiek uste dute Jaurlaritza lan ona egiten ari dela osasungintzan, eta hirutik batek diote «hala-holakoa» dela. %17 dira kudeaketa txarra dela iritzi diotenak. Bada beste datu bat; %44k uste dute administrazio publikoak kudeatutako arloek hobeto funtzionatzen dutela; bi sektoreek berdin funtzionatzen dutela uste dute %31k, eta %19k hobesten dute kudeaketa pribatua.
Herritarren kezkei dagokienez, ezinegon nagusia lan merkatuari lotutako gaiekin daukate %56k, eta COVID-19a da gehien errepikatu diren erantzunetan bigarrena (%30). Aldiz, hamar herritarretik zazpik diote beren lan egoera oso edo nahikoa ona dela; maiatzaz geroztik, ordea, pertzepzio hori lau puntu txikitu da.