Auzitegiak

Babesa azaldu diote Mikel Albisuri, Auzitegi Nazionalean deklaratu aurretik

Preso ohiak bideokonferentziaz deklaratu du Donostiako Auzitegian, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia zenaren hilketaren harira, eta epaileak agindu du pasaportea kentzeko. Sortuk elkarretaratzea egin du epaitegi aurrean.

Mikel Albisu, epaitegira iristen, atzean elkarretaratzea duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 21a
13:38
Entzun

ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi eta Gipuzkoako PPko orduko presidentea hil zuen 1995eko urtarrilaren 23an, Donostian, eta, hilketa hari lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu du Mikel Albisu Iriarte. Donostiako Auzitegian deklaratu du gaur, bideokonferentzia bidez.

Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, badaezpadako neurri batzuk ezarri dizkio epaileak Albisuri: auzitegiaren oniritzirik gabe Espainiako Estatutik irtetea debekatzea, pasaportea kentzea eta harremanetarako telefono zenbaki baten berri ematea. Epaileak argudiatu du delituaren «larritasunari» eta akusatuari jar diezaioketen zigor handiari erantzuten diola badaezpadako neurri horiek ezartzeko beharrak.

Albisu 2004an atxilotu zuten, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten.

Deklaratzera deitu dutela-eta, Sortuk elkarretaratzea egin du epaitegi atarian, elkartasuna eta babesa adierazteko, Konponbidea eta bakea, Mikel Albisu gurekin lelopean: «Herri honetan bakeak, elkarbizitzak eta konponbideak Mikel gure artean egotea eskatzen du». Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak adierazi du Albisurena ez dela «kasu bakan bat» eta horren atzean «salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Audientzia Nazionala» dagoela: «Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko».

Altunak gaineratu du ezkerreko independentismoak «urtez urte, egunez egun, urratsak egiten» diharduela eta hala jarraituko duela, «bakea eta elkarbizitza» erdiesteko eta Espainiako Estatuarekiko «gatazka politikoari irtenbide justu bat» emateko: «Beste batzuk, aldiz, kontrako norabidean ari dira. Bide hori oztopatu nahi dute, herri honi berriro ere sufrimendua eta mina eragin eta erabateko ukazioa ezartzeko».

Kritikak

Beste ordezkari politiko batzuek, ordea, kritika egin diote Albisu babestu izanari. Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak esan du elkarretaratzea «made in Sortu luxuzko harrera» egin diotela Albisuri, eta hori «terrorismoaren apologia eta goraipamenaren beste adierazpide nazkagarri» bat dela. Iturgaizek Sorturi egotzi dio biktimak «umiliatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.