San Tomas

Ohiko azokarik eta jende pilaketarik gabeko San Tomas eguna

Hutsik esnatu dira berez postuz eta nekazariz beteta egongo liratekeen plaza eta kale asko. Hala ere, ez dira falta izan txistor pintxoak; ez sare sozialetan, behintzat.

San Tomas ospakizuna Hondarribian. BIDASOKO HITZA
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 21a
13:11
Entzun

Bigarren urtez jarraian, berezko egiten duen ospakizun berezirik gabeko San Tomas eguna izan da Euskal Herrian. Azken hilabeteotan aurreikuspen hobeak egin diren arren, COVID-19aren oldarraldiaren eta kasu positiboen goraldiaren eraginez bertan behera gelditu dira aurrez prestatutako azoka eta jarduera askotarikoak. Izatez, jantzi, txapel eta zapiak ez ziratekeen faltako gaurko egunean; ezta txistor pintxoak, taloak eta giro ona ere, baina izurriak eragindako egoerak erabat baldintzatu du ospakizuna.

Donostian, adibidez, baserritarren erakusleiho bilakatu ohi da Konstituzio plaza, baina, bigarren urtez, euskal produkturik eta posturik gabe esnatu da plaza. Arrasaten ere (Gipuzkoa) ez da azokarik egin, baina ohiko jai horren ordez bestelako egitarau bat prestatu dute kultur eragileek: gaurtik hasi eta hilaren azken egunera arte antolatu dituzte zozketa, artisau azoka, kontzertu eta emanaldiak. Hondarribian (Gipuzkoa), bestalde, izan da San Tomas azokaren itxura hartu duen argazkirik. Gaitza heda ez dadin, soilik ekoizleen salmenta postuak jarri dituzte, eta San Pedro kalean batu dira guztiak.


Hondarribiko San Tomas azoka, gaur. REBEKA RUIZ, BIDASOKO HITZA

Ospakizuna, sareetara eramana

Sareetan ere ikusi eta zabaldu dira San Tomas ospakizunaren inguruko mezu eta irudiak. Bilboko Alde Zaharreko saltokien elkarteak, kasurako, mezu itxaropentsu bat zabaldu du bere Twitter kontuan: «Ospatuko dugu berriro». Gaurko egunean Bilboko Zazpikaleek «xarma berezi bat» izan ohi dutela adierazi dute, baina aurten ezin izan dela horrela izan. «Garai hobeak etorriko dira, eta tradizio hau gogoz eta ilusioz ospatuko dugu berriz», gaineratu dute. Beste erabiltzaile batzuek, berriz, txistor pintxoaren argazkiak jarri dituzte, ospakizuna bere hartan ez dagoen arren ohitura hori gaurko egunez galdu ez dela erakusteko.

Hala ere, guztiak ez dira izan txistorraren argazkiak eta mezu zoriontsuak. Bada San Tomas eguna bertan behera uztearen aurka agertu denik ere. Minduta agertu dira asko; izan ere, ez diote ongi irizten izurriaren arrazoia mahai gainean jarrita azoka bertan behera utzi baina gaueko aisialdian inongo murrizketarik ez egiteari. Honela mintzatu da, adibidez, erabiltzaile horietako bat: «Salmententzat arnasbide gerta dakiekeen urteko egunik garrantzitsuenetariko bat bertan behera birusa arrazoi delarik. Diskotekek, halaber, ateak irekita dihardute». Beste erabiltzaile bat ere zorrotz mintzatu da gaiaren inguruan: «Gaur kalean ez, baina Corte Ingelesara joan gaitezke San Tomas ospatzera. Hor ez dago arriskurik».

Tonu antzekoan mintzatu dira Bilboko Konpartsen izenean ere. Idatzi bat plazaratu dute «urte osoan kalitatezko eta sasoiko produktuen ekoizle direnei» elkartasuna adierazteko, eta «ekarpen xume bat» ere egin nahi izan diete. Aurtengo aldian, Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete urtero San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekin ekonomikoak. Baserritarren talde ireki bat da, landa eremuko emakumeekin eta elikadura burujabetzarekin bat egiten duena. Agroekofeminismoan oinarritzen da haien lana, eta feminismoaren balioak txertatzen saiatzen dira nekazaritzaren munduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.