Literatura

Urtarrilaren 24tik 30era egingo dute VIII. (H)ilbeltza jaialdia, ohiko formatuan

Aurten ez da nobela beltzaren asterik izan Baztanen; horren ordez, (H)ilbeltzak urte osoan banatu ditu jarduerak. 2022an, astebeteko zikloa egingo dute berriz.

Baztango nobela beltzaren asteko antolatzaileak, egitaraua erakusten. (H)ILBELTZA
Ane Eslava.
2021eko abenduaren 21a
11:42
Entzun

Baztanek aspaldiko harremana du genero beltzarekin: 2015etik antolatzen dute (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, eta urteroko zita garrantzitsua bilakatu da. Astebetez, nobela beltzaren egoitza bihurtu ohi da Nafarroako haran berdea. Aurten, ordea, ezin izan dute aurreko urteetakoa bezalako jaialdirik egin; jarduera guztiak zazpi egunetan pilatu ordez, urte osoan banatu dute egitaraua.

Gaur jakinarazi dutenez, 2022an bai, ohiko formatura itzuliko dira: urtarrilaren 24tik 30era izango da VIII. (H)ilbeltza. Bost egunetan izango dira jarduerak —asteartean eta ostegunean ez beste egunetan—, Arizkunen, Anizen, Elizondon, Erratzun eta Iruritan. Egitarau osoaren berri eman dute dagoeneko. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, mahai inguruak eta otorduak izango dira, besteak beste.

Egitaraua, prest

Solasaldi batekin emango diote hasiera zikloari, urtarrilaren 24an. 2020ko (H)ilbeltza bekaren irabazlea izango da solasean, Koldo Biguri. Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao nobela euskarara itzultzeko proiektuarekin lortu zuen beka, eta horri buruz mintzatuko da, Arizkungo Medikuaren Etxean.

Asteazkenean, beste hizketaldi bat izango da, Euskal gaizkileak podcastaren ingurukoa. Zuzeu agerkari digitalak sortu zuen podcast hori; Beñat Hach Embarekek zuzentzen du, eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin batera egiten dute. Euskal Herrian transmititu izan diren krimenen inguruko istorioak fikzio moduan kontatzen dituzte. Hach Embarekek emango du hitzaldia.

Ostiralean, Ainize Madariaga kazetaria Baionako Marga Andurain abenturazaleari buruz mintzatuko da, Marga Andurain abenturaren gurpilean izeneko hitzaldian, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Asteburuko eskaintza zabalagoa izango da. Larunbat goizean, Hondar ahoak telesailean oinarritutako mahai inguru bat izango da, Beltzak Argitara. Hondar Ahoak (H)ilbeltzan. Hizlariak Marian Fernandez eta Koldo Almandoz izango dira, telesailaren ekoizlea eta zuzendaria, hurrenez hurren. Eguerdian bazkaria egingo dute, Erratzuko elkartean, eta, bazkalostean, Itxaro Bordak Euri zitalari esker liburua aurkeztuko du, Ane Gartziak gidatuta. Iluntzean, berriz, Susmagarrien gaua egingo dute, Erratzun barna.

Igande goizean, Lubakietako oroiminak izeneko itzuli beltza egingo dute, Iruritan. Arratsaldean, berriz, Pettik eta Ana Galarraga Aiestaranek literatura eta musika batzen dituen emanaldi bat egingo dute: Frankenstein agurgarria. Gutun musikatua Victor Frankensteini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.