Hegazti gripea

Hegazti gripearen agerraldi bat atzeman dute Akamarreko etxalde batean

Igandean hil zituzten bertako ahate guztiak. Kasu gehiagoren beldur, araupeko eremu bat ezarri dute Akamarretik 10 kilometrora. Oraintxe, hamasei udalerri daude babes eta zaintza eremuan.

Ahate haztegi bat; artxiboko irudia. ISABELLE MIQUELESTORENA
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 21a
10:22
Entzun

Nafarroa Beherean piztu da alarma, Akamarre udalerrian. Sud Ouest egunkariaren arabera, etxalde batean agertu ziren H58N birusaren susmoak, eta susmo horiek bultzatuta, bertako ahate guztiak hil zituzten iragan igandean. Susmoak, baina, zenbait egun lehenago hasi ziren zabaltzen, eta Akamarrerekin muga egiten duen beste udalerri batean ere hegazti-gripe kasu bat agertzeak susmo horiek areagotu zituen. Atzo baieztatu zuten hegazti gripeak jota zeudela Akamarreko etxalde horretako ahateak, eta inguruan kasu gehiago ere egon daitezkeela jakinarazi zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefeturako ordezkariek.

Gaur-gaurkoz, H5N8 birusaren hedapena oztopatzeko neurriak hartu dituzte, eta Akamarreko etxaldearen inguruetan araupeko eremu bat ezarri dute zuhurtziaz eta segurtasunez jokatzeko. Oraingoz, etxaldetik 1,3 eta hamar kilometrora bitarteko zirkulu zentrokideetan ezarri dituzte neurriak, eta eremu bakoitzean tentsio maila bat edo beste ezarri diete etxaldeen jabeei. Bernard Layre Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganberako lehendakariaren arabera, aldi baterako eskala besterik ez da hori: «Babes eskala aldi baterako kontrol eremutik zaintza eremuraino mugatzen da, babes eremutik igarota».

Une honetan, hamaseiudalerri daude babes eta zaintza eremuan, eta animaliak zaintzeko eta ahateak leku batetik bestera ez garraiatzeko eskatu zaie bertan etxalderen bat eta ahateak dituzten langileei. Halaber, debekatu egin dute hegaztietatik eratorritako produktuak saltzea, eta simaurra eta minda eremu horretatik edo eremu horretara ez garraiatzeko ere eskatu dute. Horrez gain, ahateak konfinatuta eduki behar direla esan dute, elkarren arteko kontaktuak murrituz eta higiene neurriak zorrozki betez.

Izan dira kasu gehiago aurrez

Urte hasieran ere izan zen hegazti gripearen beste agerraldi bat Ipar Euskal Herrian. Urtarrilaren 9an, kasurako, Euskal Herriaren atarira iritsi zen. Zuberoarekin muga egiten duen Lixoze (Biarno) herria hunki zuen lehenik hegazti gripeak: Landetan hasi, Biarnon zabaldu, eta Lixozera iritsi zen gero. Izurriaren hedapena ikusirik, berehala hartu zituzten neurriak, eta departamenduko 159 herri jarri zituzten araupeko eremuan, horietako zenbait Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Egun batzuen buruan baieztatu zituzten lehen kasuak: Bidaxuneko (Nafarroa Beherea) bi haztegitan agertu zen gaixotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.