Arrantza

Antxoaren kuotari eustea gomendatu dute txosten zientifikoan

Bruselak %27 murriztu zuen behin-behinean; kopuruak berrikustea espero dute arrantzaleek.

Arrantzale bat, antxoa deskargatzen, Ondarroako portuan. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 20a
19:33
Entzun

Lasaitasun mezua Euskal Herriko arrantzaleentzat: ICES Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak gomendatu du 2022rako antxoa kuota aurtengoaren berbera izatea. Erakunde horren azterketetan oinarrituta ezartzen du Europako Batzordeak arrantza eremu bakoitzean espezie bakoitzeko zenbat harrapatu daitekeen. Antxoaren kasuan, 33.000 tonako kuota jarri zuen iaz Kantauri itsasorako eta Bizkaiko golkorako eta oso litekeena da horri eustea.

Kopuru hori da, hain justu, eremu horretarako gehienekoa, Batzordearen estrategiaren arabera. ICESek kaleratu berri duen txostenean dio 2021erako gomendio bera egiten duela 2022rako: alegia, 33.000 tonatik beherakoa izatea. Azken urteetan, baina, ICESek jartzen duen gehienekoa hartzen du kuota gisa Europako Batzordeak. Hala, arrantzaleek uste dute gauza bera egingo duela datorren urterako ere.

Batzordeak aurreko astean zehaztu zituen 2022ko arrantza kuotak, baina Kantauri itsasoko eta Bizkaiko golkoko antxoarena zintzilik geratu zen, ICESen txostenaren zain. Hala ere, behin-behineko kopuru bat eman zuen, eta horrek kezka handia piztu zuen, %27,3ko murrizketa jasotzen baitzuen.

Kofradietako buruak eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue «harrituta» agertu ziren. Gogoratu zuten ICESen txostenaren aurretik eginiko beste biek —Bioman eta Juvena— agerian utzi zutela biomasa handitu egin dela. Orain, ICESek horixe bera berretsi du, eta azpimarratu du egoera «oso ona» dela.

Antxoarena eta hegaluzearena dira Euskal Herriko arrantzaleen kanpaina nagusiak, alde handiz. Hegaluzearen kuotak datorren urteko otsailean edo martxoan jakinaraziko ditu Bruselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.