Eguraldia

Udazken «heze» baten ondoren, neguak «tenperatura leunagoak» ekarriko ditu

Neguak ia 89 egun iraungo du, eta bihar hasiko da. Aurreikuspenen arabera, «normala baino tenperatura beroagoak» izango ditu. Prezipitazioei dagokienez, ez da ezohiko gertaerarik espero.

Tuterako argazki bat, uholdeen ondoren. IñIGO URIZ, FOKU
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 20a
18:19
Entzun

Ate joka dator: bolada euritsu baten ondoren, uholdeen ondoren, azken egunotako eguzki izpi gutxi horien ondoren. Eta ohi baino apalago; izan ere, udazken «heze» baten ondoren, «tenperatura leunagoak» ekarriko ditu neguak. Bihar hasiko da, erlojuak 17:00ak jo baino apurtxo bat lehenago, 16:59an. Behatoki Astronomikoak egin ditu kalkuluak, eta aurreikusi du 89 egun iraungo duela kasik; 88 egun eta 23 ordu, zehazki. Hala, martxoaren 20an amaituko da, udaberriari eta, ondo bidean, tenperatura epelagoei eta paisaia koloretsuago bati bide emateko. Eta negua iristearekin batera, urteko egunik laburrena izango da bihar: 9 ordu eta 17 minutu iraungo du –ekainaren 21ean izan zen luzeena; 15 ordu eta 3 minutu iraun zuen–.

Hezetasunetik tenperatura leunagoetara, beraz. Horixe da, behintzat, Miguel Angel Manjon eta Margarita Martin Aemet Meteorologia Agentziaren EAEko ordezkariek egin duten aurreikuspena. Joan den ostiralean aurkeztu zuten udazkenari eta datorren neguaren nondik norakoei buruzko txostena, eta «oso heze» eta «hotz» gisa definitu zuten amaitzear den sasoia. Hala ere, nabarmendu zuten urrian ohi baino euri gutxiago egin zuela, eta eguzki orduen superabita ere izan zela hil horretan.

Azken asteotako uholdeak ere izan zituzten hizpide. Azaroan hotz handia eta euri asko egin zuela azaldu zuten, eta bi faktore horiek «prestatu» zutela lurra uholdeetarako. Hondarribia (Gipuzkoa) jarri zuten adibide gisa. Bertan, azaroaren 21etik abenduaren 11ra bitartean egin zuen euria: 21 egunez jarraian. Abenduaren 9a ere bereziki «zaila» izan zela azpimarratu zuten, Azoreetako antizikloi batengatik. Manjonen eta Martinen hitzetan, «hezetasun ibai» bat ekarri zuen antizikloi hark, eta «prezipitazioaren gailurra» eragin zuen: 24 orduan 167 litroko erregistroa izan zen. Joera horren ondorioz, ibaien emaria handitu eta uholdeak izan ziren Euskal Herriko eremu askotan.


Irudian, Ebro ibaia, Tutera parean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU

Negu leun samarra

Neguari dagokionez, datorrena «ona» izango dela esan zuten meteorologoek, «tenperatura leunak» izango direla, «ohi baino pixka bat altuagoak». Prezipitazioei dagokienez, neurri «arrunta» izango dutela aurreikusi dute, eta batezbestekoak baino apalagoak izango direla nabarmendu zuten. Hala ere, aitortu zuten litekeena dela zenbait gauetan hotz handia egitea, baina ez dela espero tenperaturen edo prezipitazioen inguruko gertaera ezohikorik. Eguberrietan eguraldiak antzera jarraituko duela azaldu zuten, eta, izatekotan, abenduaren 24an eta 25ean egingo duela euri apur bat.

Iragarpen antzekoak egin zituen Pedro Oriak ere, Aemet Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkariak. Hurrengo egunotan antizikloiaren nagusitasuna nabaritu daitekeela azaldu zuen, eta litekeena dela aste honen erdialdera arte irautea. Asteazkenetik edo ostegunetik aurrera, berriz, aldaketa etorriko dela esan zuen, litekeena delako hodei, haize eta prezipitazio ahul gehiago dituen mendebaldeko fronte bat iristea. Urtarriletik martxora bitartean begira jarrita, berriz, ohi baino tenperatura beroagoak izango direla aurreikusi zuen.


Aralar, Zegamatik (Gipuzkoa) begiratuta. ANDONI CANELLADA, FOKU

Klima larrialdiaren hatsa

Klima larrialdiaren inguruan ere mintzatu zen Oria. Azken asteotan hautemandako irregulartasun guztiak klima larrialdiaren ondorio izateko aukeraz hitz egin zuen, eta adierazi zuen joera hori argi ikusten dela maila globalean ere. Nafarroaren kasuan, adibidez, euriteak edo euririk eza «gero eta muturrekoagoak» direla esan zuen, eta Arga ibaiaren egoera aipatu zuen. Ibai horrek zazpi edo zortzi aldiz egiten du gainezka urtean, eta, itxura guztien arabera, «klima aldaketa dago atzean».


Irudian, Funes (Nafarroa), Arga ibaiak dena irentsi ondoren. JESUS DIGES, EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.